Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/06/30
Pasaiako kalea haurrena ere bada
Ikastetxeetako topaguneetan egindako ekimenak
Pasaiako haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko planaren helburuetako bat da Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzea. Horretarako, haur eta gazteekin lan egiten duten herriko eragileek elkarlanean dihardute, adingabeak subjektu politiko bihurtzeko, Pasaiaren garapenean txertatzeko eta herrirako dituzten proposamen eta iritziak aintzat hartzeko.
Bide horretan, Pasaiako haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko herriko ikastetxeetan dauden elkarguneetan hainbat gai proposatu eta landu dituzte gaztetxoek ikasturte honetan zehar.
Ikasturte amaierarekin batera, gai horietako batzuen bueltan zenbait ekintza egin dira. Esaterako, Karmengo Amako LHko elkarguneko partaideak ingurumenaren zaintzaz eta garbitasunaz kontzientzia hartzeaz aritu dira hausnartzen. Gai horren bueltan, txakur kakek Trintxerpeko kale eta belardietan lekurik ez dutela aldarrikatzeko ekimena antolatu dute. Izan ere, aspalditik dagoen arazo hori larria dela uste dute Trintxerpeko haurrek. Zehazki, sentsibilizazio kanpaina bat egin dute. Horretarako, kartelak diseinatu, prestatu eta hainbat tokitan itsatsi dituzte mezu argi batekin: ez dute txakurren kakarik nahi Trintxerpeko kale, jolasgune edo belarguneetan. Era berean, txakurren kakak jasotzearen ardura euren jabeena dela gogorarazi nahi izan dute. “Kaken ardura zurea da, ez txakurrarena” edo “Ez utzi berdegunea marroi” bezalako leloen bidez, Trintxerpeko haur eta gaztetxoek euren kale eta jolas-eremuak garbi nahi dituztela aldarrikatu dute.
La Anunciatako parte-hartze talde batean Antxoko barrutiaren espazio publikoaz aritu dira, eta gaztetxoek oso gustuko duten eta aisialdirako erabiltzen duten Biteri plazan hainbat hobekuntza eta konponketa egitea proposatu dute. Udaleko Zerbitzu Saileko langileekin elkarlanean, auzolan egun bat antolatu dute ekainean eta aukera izan dute auzolanean euren inguruarekiko ardurak hartzeko eta eurena ere baden kalea euren gustukoago bihurtzeko.
Bestetik, Pasaia Lezo Lizeoko eta Karmengo Amako Trintxerpeko ikasleek Aranederreko pistetan jolasgune berria diseinatu zuten iaz. Behin jolasgunea eraikita, inaugurazio-festa antolatu eta gauzatu dute ekainaren erdialdean. Zinta moztuz hasi zuten eguna eta ondoren gaztetxoek prestatutako ginkanan aritu ziren jolasean. Euri zaparradak aurreikusia zegoen jolasgunearen paretaren pintaketa zapuztu zuen, baina jai-giroari eutsi zioten, eta frontoian egindako meriendarekin amaitu zuten arratsaldea.
Jarrai dezagun haur eta nerabeen parte-hartzea sustatuz Pasaia hobetzen!