Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/22
Pasaiak Juanje Neira omendu du, herriko Musika eta Dantza Eskolari bere izena emanez
300 pertsona baino gehiago bildu dira ezusteko ekitaldi hunkigarri batean, Santa Zezilia egunean
Gaur, Santa Zezilia musikarien zaindariaren egunean, Pasaiak emozioz beteriko egun historikoa bizi izan du. Udalak eta bertako Musika Eskolak antolatutako ekitaldi sorpresa batean, Juanje Neirari omenaldia egin diote. Neira funtsezkoa izan da udalerriko musikaren historian, eta horregatik, Pasaiako musika eskolak bere izena izango du aurrerantzean. Hemendik aurrera, honela izendatuko da: Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskola.
Kalejira alai batekin abiatu da 300 pertsona baino gehiago bildu dituen ekitaldia. Bertan, komunitateko musikari, dantzari eta kultur talde ugarik parte hartu dute, arratsaldeko lehen ordutik Trintxerpeko kaleak musikaz betez, Juanje Neirari ez ezik, musikari eta urtez urte herrian musika bizirik mantentzen duten guztiei ere gorazarre egiteko.
Unerik zirraragarriena eskolako jauregiaren atzean bizi izan da, omenaldia izan den lekuan. Joxean Llorente musikariak hartu du lehen hitza, omenduaren bizitza eta lorpenen errepasoa egiteko, Neiraren musikarekiko konpromiso nekaezina eta komunitatean izan duen eragina azpimarratuz.
Alkateak ofizial egin du gero eskolaren izen aldaketa, Juanje Neirak Pasaiako eta, bereziki, Trintxerpeko nortasun kulturalean izandako ibilbidea eta garrantzia aintzatetsiz. "Pasaia osoaren babes eta miresmenarekin, ofizialki iragarri nahi dut Pasaiako Musika eta Dantza Eskolak hemendik aurrera zure izena izango duela: Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskola", adierazi du alkateak, hunkituta. "Modu honetan eskertu eta aitortu nahi dizugu egin duzun guztia, eraiki duzun ondarea, eta modu honetan ziurtatu nahi dugu herri honetan bizirik jarraituko duela musikarekiko duzun grina horrek".
Juanje Neira ekitaldian parte hartzen ari zen, prestatuta zioten ezustekoaren berri izan gabe. Hunkituta agertu da aintzatespenarekin. Alboan izan ditu lagunak, senideak eta bere lanari esker hazten joan den musika-komunitateko kide ugari.
Ondoren, Aitor Brion Kultura eta Ondare zinegotziak hitz batzuk esan ditu: eskerrak eman dizkie ospakizunera batu diren musika eta kultur talde guztiei. Pasaian musikak eta dantzak kohesio sozialaren motor gisa duten garrantzia ere azpimarratu du.
Juanje Neiraren ondarea, orain bere izena daraman eskolan hilezkortu dena, funtsezkoa izan da udalerriaren garapen kulturalerako. 1964an irakasle gazte gisa bere bidea hasi zenetik, 1990ean Pasaia Musikal Udal Musika Fundazio Publikoa sortu arte, Neirak komunitatearen bizitza musikala bultzatu du, eta etorkizuneko belaunaldietan iraungo duen arrastoa utzi du.
Ekitaldiari amaiera emateko topa egin dute gonbidatuek, Neiraren eta Pasaiako kultur tradizioa bizirik mantentzen duten musikari eta dantzari guztien omenez.