Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/03/11
Jolasgune berria dute Donibaneko haurrek JJ Otaegin
Hiru eremutan banatutako zazpi joko berri ezarri dira
Pasaiako Udalak Donibaneko JJ Otaegi jolasgunea eraberritu du azken asteetan, bertako haurrek jolaserako eta aisialdirako gune erakargarriagoa, modernoagoa eta seguruagoa izan dezaten. Egindako lanek jolasgunea berriztatzea izan dute helburu, haurrek eta haien familiek instalazio berriez gozatzeko aukera izan dezaten.
Jolastokiaren berrikuntza gauzatzeko, lehenik eta behin, egoera txarrean zeuden jolas-elementuak eta zoladura zaharra kendu dira. Urteen poderioz, zenbait joko zaharkituta geratu dira, eta horien ordez, kalitate handiagoko eta erabilera segururako egokitutako elementu berriak ipini dira. Horrez gain, zoru berria ere jarri da, haurrek erorketak izanez gero segurtasun handiagoa izan dezaten.
Behin prestaketa-lanak amaituta, Pasaiako Udalak jolasgune modernoa sortu du, non jolasa eta garapena uztartzen diren. Azpiegitura berriak hiru gune nagusitan banatutako zazpi jolas berri biltzen ditu, adin-tarte ezberdinetako haurrei zuzendutakoak: zabuak, txirristez hornitutako askotariko jolasen gunea, malgukiak, balantzin bat, etxetxo bat eta ontzi birakaria.
Halaber, jolastokiaren sarreran informazio-panel berri bat ipini da. Bertan, eremuaren arauak, gomendioak eta informazio praktikoa (larrialdietako laguntza mediko nahiz teknikorako telefono-zenbakiak) jaso dira. Jolas-ekipamendu bakoitzean zehaztu da, gainera, gomendatutako erabilera-adina.
Jolasgunearen berrikuntza-proiektuak 39.724,10 euroko aurrekontua izan du. Obrak bukatu badira ere, apirilean beste hobekuntza batzuk egingo dira espazioa osatzeko. Hain zuzen, bankuak eta barandak margotuko dira Oarsoaldea Garapen Agentziaren Auzolan Margolaritza programaren bitartez.