Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/02/20

Jaizkibel dragaren maketa Pasaiako Udalari laga dio Juan Enrique Bengoetxeak

Juan Enrique Bengoetxea Elizetxe errenteriarrak Pasaiako Udalari Jaizkibel dragaren maketa laga dio. Otsailaren 20an sinatu dute hitzarmena Bengoetxeak eta Teo Alberro Bilbao alkateak Arizabalo jauregian. Alkatearekin batera harrera egin dio autoreari Aitor Brion Barneto Ondare zinegotziak.

Maketa hori Pasaiako itsas historia aberatsa omentzen duen erreplika zehatza da. Ontzi horrek funtsezko zeregina izan zuen Pasaiako portuaren garapenean, eta egileak “maitasun berezia” diola aitortu du.

Draga Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuen 1992an Eusko Jaurlaritzako Ondare Batzordeak. 60,20 metroko luzera, 10,50 metroko zabalera eta 4 metroko altuera ditu. 2,10 metroko sakonera du, eta flotazio-lerrotik 3 eta 17 metro arteko kotetan lan egin zezakeen.

Kroskoa altzairu errematxatuzko xaflaz egina dago, garai hartan ohikoa zen bezala, eta gaur egun fabrikazio-sistema hori duen ontzi bakanetakoa da. 1933ko azaroaren 3an eraiki zuten, Bilboko Euskalduna konpainiaren ontzioletan. Enkargua Pasaiako Portu Agintaritzak egin zuen, badia Oiartzun ibaiak isuritako sedimentuetatik libre mantentzeko. Hondakin horiek nabarmen ugaritu ziren hirurogeiko hamarkadan, Errenteria-Oreretako Papeleraren jardueraren ondorioz.

Maketa

1/50 eskalan eraikitako maketak, bere egilearen arabera, "ahalik eta zehatzen eta jatorrizko materialak errespetatuz, eredu errealaren ezaugarri funtzional eta estetiko guztiak erreproduzitu nahi ditu". Bengoetxearen helburua izan da draga martxan izan zen aldian zen bezala kopiatzea.

Aparejadorea da errenteriarra (erretiratuta dago orain), baina ikasle zen garaitik egin izan ditu barkuen askotariko maketak. “Ez dakit nondik datorkidan interes berezi hau. Beharbada kortsarioa edo marinela izango nintzen beste garai batean!”, esan die barre artean udal ordezkariei. Etxean belaontzi eta bestelako eraikuntza anitz dituela aitortu die, eta goizaldeko ordu txikitara arte egon ohi dela horiekin lanean.

Maketak bukatzeak 15 eta 25 urte bitarte hartu ohi diola esan du, baina “bat bukatu gabe utzi eta beste batekin hasteko” ohitura duelako. “Lan batzuk oso aspergarriak dira, eta horiekin egunak eta egunak ematen dituzu, gero ia emaitzarik ez antzemateko. Eta, aldiz, beste pieza batzuek aldaketa handia dakarkiote proiektu osoari. Bigarrena, jakina, askoz ere gogobetegarriagoa da, baina pieza txiki eta errepikakor horiek banan-banan egin beharrik ez izateko automatikoki biderkatu nahiko bazenitu ere, maketaren parte dira eta egin beharreko lana da”, mintzatu da.

Kroskoaren eta estalkiaren forrua zurezkoak dira, hariztatutako eta letoizko kobrezko xaflekin egindakoak. Kaskoa, estalkia eta barruko beste elementu batzuk egiteko, egur kontratxapatuzko txapa erabili da, ardo kaxa batzuetatik berreskuratua.

Estalkiaren hiru elementu nagusiak ere egurrezko kontratxapatuz egin zituen artistak: popako kasetoia, erdiko dorrea eta brankako garabi-dorrearen laukitxoa. Bi dorreak, etxola, dragaren besoa, deskarga-toberak, zabortegiak eta etxola txiki guztiak ezki-kontratxapatuz eta kobrez forratuta daude. Tximinia iturgintzako kobrezko hodizkoa da.

Erabilitako pintura akrilikoa da, eta modeloaren koloreen arabera aplikatu du hori autoreak. Oxido ukitu arin batzuk ere gehitu dizkio artistak, lanean emandako urteetan ontziak zuen ohiko itxura lortzeko. Azken emaitza hobetzeko, maketa lan-posizioan erreproduzitu da; hau da, arrosarioaren besoa urpean eta hondoko sedimentuen gainean pausatuta, eta istriborreko zabortegia zabalduta.