Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/13

Jaiei hasiera emateko ekitaldia ekainaren 21ean izango da San Pedron

12:00etan, Herriko Plazan.

Badatoz Pasaiako jaiak! Uda hurbiltzen ari da eta, horrekin batera, Pasaiako 4 barrutietako jaiak ere bai.

Iazko ekimenarekin jarraituz, Pasaiako Udalak ekitaldi berezia antolatu du jaiei hasiera emateko. Datorren larunbatean, ekainaren 21ean, 12:00etan, San Pedroko Herriko plazan izango da ekitaldia, eta horretan parte hartuko dute lau barrutietako kultur munduko hainbat ordezkarik.

Herritar guztiei irekitako ekitaldia izango da, jai-giroaz goza dezaten, alaia eta kolorez betea.

Teo Alberro Pasaiako alkatearen arabera, "jaiak ez dira barruti bakoitzarenak bakarrik. Herri gisa garenaren adierazpen kolektiboa dira. Ekitaldi honek batasun hori irudikatzen du, eta horregatik da hain berezia Pasaiarentzat. "

Bestalde, Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotziak gaineratu duenez, "hilaren 21eko ekitaldia berezia eta koloretsua izango da, baina baliotsuena hori lortzeko egindako bidea izan da: lau barrutietako elkarteak ideiak partekatzen, elkarrekin lan egiten, behetik eraikitzen... Hori ere kultura egitea da, eta, noski, herria herritik bertatik eraikitzea. "

Aurkezpeneko argazkian: Teo Alberro (Pasaiako alkatea), Aitor Brion (Kulturako eta Ondareko zinegotzia), Amaia Irulegi, Kizkitza Cabada, Arantza Zurutuza, Mari Carmen Ariz, Marivi Arrillaga eta Aitziber Zurutuza (San Pedroko Sorgiñarri txistulari taldea), Larraine Lonbide eta Izar Iglesias (San Pedroko Lamiak dantza taldea), Fran Berra eta Pedro Etxaniz (Illunbe musika banda), Karmele Camara (Pasaiako Batelerak), Markel Oyarzabal (Pasaiako Erraldoien konpartsa), Jon Arrizabalaga eta Toñin Markina (Antxoko tzaineroak), Nerea Gartzia Etxabe (Lintxua dantza taldea), eta Juanan Laboa (Donibaneko txistulariak).

Festa aurreko kalejira

Ekitaldia 11:50ean hasiko da erraldoi eta buruhandien kalejira batekin, Pasaiako musika taldeek lagunduta, Udal Aretotik (Erti) Herriko Plazara.

Kalejiraren erritmoan iritsiko dira 12:00ak aldera parte-hartzaileak Herriko Plazara. Bertan musika, dantzak eta sorpresak izango dira Pasaiako kultur taldeen eskutik.
Horrela emango zaie hasiera aurtengo jaiei. Hain zuzen ere, jaiak data hauetan izango dira:

- San Juan: ekainak 23-24
- San Pedro: ekainak 26 - 30.
- San Fermin (Antxo): uztailak 4 - 8.
- Karmenak (Trintxerpe): uztailak 11 - 16.
- Santioak (Donibane): uztailak 24-31.