Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/02

Jaietako barrakak merkatzeko akordioa erdietsi du Udalak ferianteekin

Atrakzioen prezioak merkatzeaz gain, euskara, jasangarritasuna eta inklusioa ardatz dituen hitzarmena sinatu dute

Pasaiako Udalak akordio berritzaile bat sinatu du Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkargoarekin (AFADE), herriko festetako atrakzioek herritar guztientzako irisgarriagoak, euskaldunagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Hitzarmen honek eredu berritu bat ezartzen du, preziotik harago doana: gizarte kohesioa, hizkuntza-eskubideak eta ingurumenarekiko errespetua uztartzen dituen eredua.

Aitor Brion Barneto Kultura zinegotziaren hitzetan, “jaiak herritarrentzat dira, guztiontzat, eta ez soilik aisialdirako espazio gisa, baizik eta balioak zabaltzeko eta bizikidetza sustatzeko aukera gisa. Aurten sinatutako akordioarekin, atrakzioak irisgarriagoak eta eskuragarriagoak izateaz gain, gure hizkuntza, euskara, jaietan presente eta entzungai egongo dela bermatu dugu, herriko haur eta gazteen parte-hartzearekin gainera. Horrelako neurriak ezinbestekoak dira kultura-politika eraldatzaile eta komunitario bat eraikitzeko bidean”.

Udal Gobernuak tasetan egindako aldaketari esker, atrakzioen sarrera prezioak nabarmen merkatuko dira. Iazko 4 euro inguruko tarifek behera egingo dute:

  • Helduen atrakzioak: 3 euro
  • Haurrent atrakzioak: 2,50 euro 
  • ‘Herri egunak’: 1,50 euro

Gainera, bi ‘herri egun’ ezartzea lortu da (haurraren eguna izan ohi zena), atrakzioetan deskontu bereziak aplikatzeko:

  • Antxon:
    • Uztailak 8, asteartea: 12:00-14:00
    • Uztailak 9, asteazkena: 12:00-14:00 eta 17:00-21:00
  • Trintxerpen:
    • Uztailak 14, astelehena: 12:00-14:00
    • Uztailak 17, osteguna: 12:00-14:00 eta 17:00-21:00

Horrez gain, autismoa edo entzumen-hipersentikortasuna dutenentzat egokituta, musikarik eta zarata sarkorrik gabeko tarteak ezarri dira: San Ferminetako 6, 7, eta 9 egunetan, eta Karmenetako 13, 16 eta 17 egunetan, 17:00etatik 19:00etara.

Musika piztuta egongo den tarteetan, gainera, euskararen aldeko urrats sendoa egin du Pasaiak: jaietan entzungo den musikaren %75, gutxienez, euskaraz izango da. Hori bermatzeko, abesti zerrenda osatu dute ferien erabiltzaile diren haur eta nerabeek Pasaiako Udalaren Eskubidean planari esker, eta doinu horiek dira, hain zuzen, herriko jaietako barraken guneetan entzungo direnak.

Horretaz gain, iragarkiak, prezio-zerrendak eta kartel guztiak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jarriko dira, euskarari lehentasuna emanez, bai kokapenari dagokionez (euskarazkoa lehenengo), bai tamainari dagokionez ere.

Aipatutakoez gain, Udalak eta AFADEk sinaturiko hitzarmen berriak beste hainbat konpromiso ere jasotzen ditu: espazioak garbi mantentzeko eta hondakinak bereizteko betebeharra, edota animalien erabilera, salmenta eta zozketak berariaz debekatzea.

Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Akordio honek erakusten du festa eredua berritzea posible dela: prezio duinak herritarrentzat, euskara ikusgarri eta entzungai, ingurumenarekiko errespetua eta inklusiorako neurriak tartean.”