Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/06/23
Eraso matxisten eta LGTBIQ+fobikoen aurkako prebentzio eta arreta dispositiboa aurkeztu du Pasaiak
24 orduko telefono-zerbitzua, prestakuntza-saioak, kartelak eta informazio-baliabideak izango dira lau barrutietako jaietan

Pasaiako jaien hasiera-ekitaldia ekainaren 20an ospatu ondoren, herriko lau barrutietako jaiak ate-joka dira. Horren harira, Pasaiako Udalak berriro berretsi du jai-gune seguru, parekide eta inklusiboen aldeko konpromisoa, Eraso sexistarik eta LGTBIQ+fobikorik ez! mezuaren inguruan antolatutako prebentzio-, sentsibilizazio- eta arreta-neurrien bidez.
Teo Alberro alkateak, Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako eta Berdintasuneko zinegotziak, Jaione Gómez Berdintasuneko teknikariak, Lierni Aranbarri udaltzainak eta Alazne Mendikute jaietako teknikariak azaldu dituzte aurtengo jaietarako aurreikusitako baliabideak eta ekimenak.
“Gure jaietan askatasunez eta errespetuz gozatzea ez da soilik desio bat, baizik eta pertsona guztien eskubidea. Eta hori bermatzeko, Pasaiako Udalak, beste urte batez, jaietako gizarte-eragileekin elkarlanean lan egin du indarkeria matxista prebenitzeko eta jai-gune inklusibo, parekide eta askotarikoak sortzeko baldintzak bermatzeko” aipatu du Alberrok.
24 orduko telefonoa
Barruti guztietako jaietan 24 orduko telefono-zerbitzua eskainiko da egun garrantzitsuenetan edo mugimendu handieneko egunetan. Arretarako udal-telefono zerbitzuaren zenbakia: 747485445.
Telefono horri eta beste baliabide batzuei buruzko informazioa barrutiko etxe guztietako postontzietan banatu den txartel batean dago jasota. Gainera, aurreko urteetan sortutako zigilua mantentzen da, "jaietan libre" izena duena, indarkeriarik gabeko jai parekideen aldeko konpromisoa adierazteko.
Telefonoaren ordutegiak:
SAN PEDRO
- Ekainaren 26an, 27an eta 28an (20:00etatik 20:00etara)
ANTXO
- Uztailaren 3an, 4an eta 6an (20:00etatik 20:00etara)
TRINTXERPE
- Uztailaren 15ean, 17an eta 18an (20:00etatik 20:00etara)
DONIBANE
- Uztailaren 24an, 25ean eta 31n (20:00etatik 20:00etara)
Prestakuntza-ekintzei dagokienez, dokumentu bat sortu da prebentzio- eta arreta-irizpide orokorrekin, eta lau jai-batzordeekin partekatu da. Gainera, ekainaren 9an tailer teoriko-praktiko bat antolatu zen herriko eragileekin jaien testuinguruan gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuteko gakoetan oinarrituta.
Era berean, olana, kartel eta identifikazio-elementuak diseinatu dira, pasaitar gehien elkartzen diren leku estrategikoetan telefonoa ikusgai egon dadin. Kartela Izaro Mariezkurrena artista pasaitarraren lana da.
Herrian zehar topatu daitezkeen kartel horiek QR kode bat ere badute, data horietarako bereziki sortutako webgune batera birbideratzen duena. Bertan informazio praktikoa eta laguntza-baliabideak kontsultatu ahal izango dira.
Halaber, gazteen joan-etorri handieneko guneetan eta txosnetan kartelak eta arreta emateko telefonoa jarriko dira. Gainera, sexualitatearen bizipen osasuntsua, baimendua eta indarkeriarik gabea sustatze aldera, preserbatiboak banatuko dira txosnetan, Gehitu Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen euskal elkartearekin lankidetzan.
Pasaiako Udalak ozenki esaten jarraituko du: “Ez eraso sexistarik, ez eraso LGTBIQ+fobikorik!”.
Informazio gehiago nahi izanez gero: https://www.pasaia.eus/eu/berdintasuna-udakojaiak






