Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/09/12
Pasaiako Jabetze Eskola abian jarriko da hogei proposamenekin eta berrikuntza batzuekin
Matrikulatzeko epea irailaren 15etik urriaren 5era izango da
Beste urte batez, Pasaiako Jabetze Eskola hogei bat proposamenekin jarriko da martxan, besteak beste, talde, tailer, ikastaro eta hitzaldiekin.
Urritik aurrera, Pasaiako emakumeen ahalduntze soziopolitikorako hainbat proposamen programatu dira. Hala aurkeztu du eskaintza berria Laura Ré Lozano Berdintasun zinegotziak: “Pasaiako Jabetze Eskolak urte asko daramatza gure herriko emakumeon topagune izaten, eta urtez urte erakusten digu ekimen honek premiazkoa izaten jarraitzen duela, emakumeon ahalduntzea eta herri justuago bat eraikitzeko bidean. Jabetze Eskola ez da ikastaro eta tailerren katalogo bat; espazio eraldatzailea da.
Eskolak aukera eskaintzen du ezagutza eta tresna berriak eskuratzeko, baita esperientziak partekatzeko eta elkarren arteko sareak sendotzeko ere. Horregatik, bide honetan aurrera jarraituko dugu Pasaiako Udaletik”.
Hasteko, urriaren 6tik abenduaren 15era, San Pepa Bojok dinamizatutako "Emakumeen historiari" buruzko ikastaro interesgarri bat izango da Palazio Txiki gunean, feminismoaren historiaz hitz egingo dute bertan.
Pasai Antxoko Kultur Etxean eta Trintxerpen hainbat mailatako mindfullness saioak egingo dira Vega Ayllón Usanosekin. Zenbait meditazio-teknika erabiliko ditu.
Gatazkak kudeatzen ikasteko, Nerea Redondo Otamendik gatazkak aukera bihurtzeko ikastaro bat proposatu digu: astearteetan egingo da, Antxoko Kultur Etxean, azaroan eta abenduan.
Era berean, Iera Urretagoiena Kortadi fisioterapeutak jarraibideak emango ditu zoru pelbikoa gorputz-kontzientziaren bidez ezagutzeko, indartzeko eta zaintzeko.
Berrikuntzak
Berrikuntza gisa, aurten, Jabetze Eskolak amatasun feministei helduko die bi ama-talderekin, Nahia Alkorta Elezgarai eta Ione Mendizabalen eskutik, Trintxerpen eta Pasai Antxoko Lizeoaren egoitzan, hurrenez hurren. Alkorta Elezgaraik indarkeria obstetrikoei buruz hitz egingo du urriaren 13an Trintxerpen egingo den "Amatasuna zeharkatzen duten indarkeriak” izeneko hitzaldian. Gainera, abenduaren 1ean, tailer bat antolatuko da dibertsitatea duten emakumeek jasaten dituzten askotariko diskriminazioei buruz, Elkartu Elkarteko Rosa Ugalde Urbistondok emana. Ildo beretik, Izarne Castillok Donibanen egingo den "Ispiluarekin adiskidetzea" tailerrean gizarteak markatutako edertasun-kanonetatik irteten diren emakumeek jasaten dituzten indarkeria estetikoei eta lodifobiari buruz hitz egingo du.
Minbizia duten emakumeei buruz hitz egiten denean, ezinbestekoa da Iñurri elkarteari buruz hitz egitea. Urriaren 27an, "Minbizia ikuspegi feministatik" hitzaldia eskainiko dute Juanba Berasategin, Nahia Intxaustiren eskutik.
Musikaren zaleak zorionekoak dira, bi proposamen oso interesgarri baitaude. Alde batetik, gizarte patriarkalak historikoki isildu dituen emakumeei ahotsa emateko kantu subirtsiboko tailerra antolatu da, eta, bestetik, rap feministaren tailerra, Euskal Herriko erreferente gorenetako batekin: La Basu. Pasai Antxoko La Bombonera gunean izango dira biak.
Pasaiako Berdintasun Mahaiko kideek egindako iradokizunen artean, Miren Unsuain Aguirrebeña abokatuak Pasai Antxoko Kultur Etxean herentzia eta testamentuei buruzko ikastaroa emango du.
2026ko urtarrilean, iaz hain harrera ona izan zuen Brikolaje eta Konponketa ikastaroa errepikatuko da Carmen Melchorrekin.
Aurreikusita daude, halaber, "Munduko Emakumeen Literatura" izeneko 3 saio, data zehatzik gabekoak, baina udal-kanaletan jakinaraziko direnak, parte hartu nahi duten guztientzat.
Izen-emateak
Izena emateko epea irailaren 15ean hasiko da, eta urriaren 5era arte egongo da zabalik.
Programatutako jardueretan parte hartu nahi dutenek hainbat modu dituzte izena emateko:
- Pasaiako HAZ bulegoetan.
- Trintxerpeko Gizarte Ekintzako bulegoan (Euskadi etorbidea 27).
- Udalaren webguneko erregistro elektronikoaren bidez.
2013an sortutako Pasaiako Jabetze Eskolan, adin, jatorri eta identitate guztietako emakume pasaitarrek bat egiten dute beren eskubideak indartzeko, autonomia hobetzeko eta beren buruarekiko konfiantza ikuspegi feministatik handitzeko. Edizio berri bakoitzean, Eskolak talde iraunkorrak, ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak antolatzen ditu eta hainbat gai lantzen ditu, Pasaiako emakumeen parte-hartzea eta ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatze aldera.
Eskola gune segurua da, non emakumeek esperientziak, jakintzak eta tresnak partekatu ahal izango dituzten, ahalduntzen eta eraldatzen laguntzeko, bai pertsonalki bai kolektiboki.
Bertan zalantzan jartzen dituzte genero-rolak, mandatu patriarkalak hausten dituzte eta haien arteko laguntza-sareak eratzen dituzte, Pasaia berdinzale, sororitatedun eta indarkeria matxistarik gabeko baterantz aurrera egiteko.
IZENA EMATEKO INFORMAZIOA








