Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/09/08

Eskaintza berritua Jabetze Eskolan

Izen-ematea irailaren 8tik 25era

Aurten ere, Pasaiako Udalak apustu irmoa egiten jarraitzen du Jabetze Eskolaren bitartez,  Pasaiako emakumeen ahalduntzearen, autonomia garatzearen eta osasunaren alde. Gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte, iaz, 170 emakumek parte hartu zuten.

Aurten, berrikuntzekin dator Eskola, batetik, Pasaiako barruti guztietan eskainiko da aukera, gutxienez, tailer edo ikastaroren bat eskainita, eta bestetik, tailer zein talde berriak izango ditu Jabetze Eskolak, besteak beste: zoru pelbikoa lantzeko; sormena garatuz, osatu eta indartzeko; harreman afektiboetan arakatzeko, tratu onak abiapuntu izanda; eta emakume korrikalarien taldea.
 
Horiez gain, urtez urte arrakasta handia duten ikastaro eta taldeak mantenduko dira, batetik, autoestimua eta emozioak lantzeko ikastaroak eta Mindfulness-a. Bestetik, hiru talde egonkor   (Jatorri askotariko emakumeak, Indarkeria matxistari aurre egin dioten emakumeentzako Autolaguntza Taldea, eta Ongi zaintzen eta maitatzen ikasteko taldea) eta amaitzeko, gune bat (Jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko). Eskaintza honetan tailerrak hiruhilekoak izango dira eta gainerakoak ikasturte osokoak. Esperientzia handidun formatzaileak izango ditugu aurtengoan ere, besteak beste: Pepa Bojó, Vega Ayllón, Kontxi López, Clara Wolfram, Ana Murcia, Maider Andonegi, Ane Etxeberria, Izaro Mariezkurrena, Sara Dorronsoro; Sorburu kooperatibako kideak; eta Emagineko kideak.

Jabetze Eskolako eskaintza doakoa izango da eta izen-ematea derrigorrezkoa izango da. Irailaren 8tik 25era eman beharko da izena, ohiko bideetatik.

Horrez gain, haurtzaindegi zerbitzua egonen da, eta hori behar duenak izena emateko garaian adierazi beharko du.

Hausnarketarako, sendotasunerako eta topaketarako tokia da Pasaiako Jabetze Eskola (PJE!), Pasaiako Udalak, Berdintasun Mahaiko kideekin batera, 2013an martxan jarritakoa. Emakumeak euren eskubideen jabe egiteko, haien bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Hori lortzeko asmoz, bertako errealitatea ikuspegi feministatik aztertu, eta berau aldatzeko tresnak eskuratzen dituzte. Pasaia eta, oro har, jendarte berdinzaleago, justuago eta indarkeria matxistarik gabeko baterantz urratsak egiteko.

PJE! tresna bat da Pasaiako askotariko adin, jatorri, hizkuntza, bizi ibilbide, sexu-identitateko emakumeak antolatu eta saretzeko. Alde horretatik, urtero, ikastaro eta talde iraunkorrez gain, tailer laburrak ere antolatzen dira, aurrez Pasaiako Udaleko Berdintasun Mahaian partekatzen direnak.

Gainera, herriko emakumeen elkarteek eta taldeek ere lan garrantzitsua egiten dute berdintasunaren alde eta, baita emakumeak ahalduntzen ere, eta hainbat ikastaro eskaintzen dituzte urtero.

Amaitzeko, Pasaiako Udaleko Berdintasun Arlotik dei egiten diegu Pasaian bizi diren emakume guztiei Jabetze Eskolan parte har dezaten; nahiz eta ezohiko egoera izan, adierazi nahi dugu aintzat hartuko direla segurtasun irizpideak eta neurriak, iaz bezala; hortaz, aurrez aurreko klaseak izango dira, eta espazioetako edukierak eta garbitasun- eta higiene-neurriak beteko dira. 

IKASTAROAK, TAILERRAK ETA TALDEAK