Eduki publikatzailea

Jabetze Eskola Pasaiako emakumeentzat

2020ko udazkeneko programa. Izen ematea, irailaren 25a arte

Aurtengoan ere, nahiz eta egoera ezohikoa izan, apustu irmoa egiten dugu Pasaiako Udaletik emakumeen ahalduntzearen, autonomia garatzearen eta osasunaren alde. Hori horrela, honakoak antolatu ditugu: bina ikastaro eta tailer (Autoestimua, emozioak eta jabekuntza Covid19 garaian; Mindfulness-a; Autodefentsa Feminista tailerra barruti guztietan eta Teknologia berrietan ahalduntzeko hastapena), laborategi bat (Covid 19a eta Pasaiako emakumeak), hiru talde (Jatorri askotariko emakumeak, Indarkeria matxistari aurre egin dioten emakumeentzako Autolaguntza Taldea, eta Ongi zaintzen eta maitatzen ikasteko taldea) eta gune bat (Jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko). Eskaintza honetan tailerrak hiruhilekoak izango dira eta gainerakoak ikasturte osokoak. Esperientzia handidun formatzaileak izango ditugu aurtengoan ere, besteak beste: Pepa Bojó, Vega Ayllón, Kontxi López, Clara Wolfram, Ana Murcia eta Beatriz Zalakain, Sorburu kooperatibako kideak; eta Emagineko kideak.

Jabetze Eskolako eskaintza doakoa izango da eta izen-ematea derrigorrezkoa izango da. Irailaren 10etik 25era eman beharko da izena, ohiko bideetatik. Batetik, HAZeko bulegoetan (hitzordua hartu aurrez deituta) entregatu daiteke izen-emate fitxa beteta: eskuorri honetan, web gunean edo HAZeko bulegoetan eskura dezakezu fitxa. Bestetik, Pasaiako Udaleko zerbitzu telematiko bidez. Salbuespen bakarrak tailerrak izango dira, horietan izena emateko nahikoa izango da e-maila bidaltzea, eta tailerra baino 7 egun lehenago itxiko da izen-ematea berdintasuna@pasaia.net helbidera. Horrez gain, haurtzaindegi zerbitzua egonen da, eta hori behar duenak izena emateko garaian adierazi beharko du.

Hausnarketarako, sendotasunerako eta topaketarako tokia da Pasaiako Jabetze Eskola (PJE!), Pasaiako Udalak, Berdintasun Mahaiko kideekin batera, 2013an martxan jarritakoa. Emakumeak euren eskubideen jabe egiteko, haien bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Hori lortzeko asmoz, bertako errealitatea ikuspegi feministatik aztertu, eta berau aldatzeko tresnak eskuratzen dituzte. Pasaia eta, oro har, jendarte berdinzaleago, justuago eta indarkeria matxistarik gabeko baterantz urratsak egiteko.
PJE! tresna bat da Pasaiako askotariko adin, jatorri, hizkuntza, bizi ibilbide, sexu-identitateko emakumeak antolatu eta saretzeko. Alde horretatik, urtero, ikastaro eta talde iraunkorrez gain, tailer laburrak ere antolatzen dira, aurrez Pasaiako Udaleko Berdintasun Mahaian partekatzen direnak.

Gainera, herriko emakumeen elkarteek eta taldeek ere lan garrantzitsua egiten dute berdintasunaren alde eta, baita emakumeak ahalduntzen ere, eta hainbat ikastaro eskaintzen dituzte urtero. 

Iaz, 150 emakume, eta konfinamenduan on-line jarraipena

Iaz, 150 emakumek hartu zuten parte antolatutako ikastaro, tailer eta taldeetan, eta Covid19ak eraginda, Udalak apustu egin zuen eskaintza mantentzeko eta egokitzeko, eta on line emateko, eta hori oso positiboki baloratu zuten ikasleek. Hala ere, bistakoa da gure gure jendartean arrakala digitala areagotzen ari dela; eta herritar askok, batez ere adinekoek, munduaren digitalizazio azkarraren aurrean, gaitzea, ahalduntzea eta oinarrizko prestakuntza ematea beharrezkotzat jotzen dute.  Finean, PJE! Pasaiako emakumeen osasun mental, emozional eta fisikoa hobetzeko tresna bat da, bai isolamenduari aurre egin eta kolektibitatea sortu eta sentitzeko, bai tresnak garatzeko norberaren egoera emozional askotarikoei aurre egiteko, bai indarkeria matxistaren prebentziorako...
Hori horrela, udazkenerako eskaintza eguneratu eta egokitu egin da, egungo beharrei erantzuteko. Hortaz, ohiko ikastaroez gain, bi proposamen berrirekin gatoz: Arrakala teknologikoaren aurrean, hastapen eta ahalduntze tailerra eta Pasaiako emakumeak eta Covid19a. 

Laborategi bat Covid19a, Pasaiako emakumeak

Ustez COVID-19ak eragin duen osasun krisi honek ez du inor ezaxola utzi. Birusari aurre egiteko herritar orok (askotariko emakumeok ere) ez ditu ez baldintza, ez eta tresna berberak izan ere. Konfinatuta egon gara etxeetan, eta emakumeok askotariko errealitateak bizi izan ditugu, baita Pasaian ere. Bizi izandakoa partekatzeko eta jasotzeko, horretaz aritzeko eta gogoetak egiteko
ez ezik, kontakizun kolektiboa ere osatzen joateko prozesua da hau. Zer da Covid-19a niretzat? Zer ekarri du? Zerk lagundu dit krisialdi honi aurre egiten? Uste dugu behar-beharrezkoa dela bizi izandakoaren eta egun bizitzen ari garenaren inguruko kontakizun kolektibo bat osatzea, askotariko errealitateak eta ahotsak jasoko dituena; atzera ez ezik, aurrera begirako nahiak eta erronkak elkarrekin josteko, orain iraunkor bat sortzeko. 

Bizikidetza, elkartasuna eta elkar ezagutza 

Pasaia jatorri askotariko herritarrok osatzen dugu, baita emakumeok ere. Elkarrekiko ezagutza, bizikidetza, eta kultura eta hizkuntza aniztasuna bultzatzeko eta emakumeen arteko laguntza- eta elkartasun-sareak sortzeko jatorri askotariko emakumeentzako asteroko taldeak jarraipena izango du, eta baita guneak ere. 

Indarkeriari aurre egiteko, prebentzioa eta autodefentsa

Betiko errazak ere ez dira faltako. Indarkeria matxista da egun, soilik emakume izateagatik bizitzen dugun egiturazko indarkeria, eta uste dugu emakumeak txikitatik ahalduntzea beharrezkoa dela; horregatik, neska, nerabe eta gazteei zuzendutako Autodefentsa Feminista tailerra egonen da urriaren 31n, Antxon; halaber, barruti guztietan beste autodefentsa-tailer zabalagoak izango dira. 

Amaitzeko, Pasaiako Udaleko Berdintasun Arlotik dei egiten diegu Pasaian bizi diren emakume guztiei Jabetze Eskolan parte har dezaten; nahiz eta ezohiko egoera izan, adierazi nahi dugu aintzat hartuko direla segurtasun irizpideak eta neurriak; hortaz, printzipioz, aurrez aurreko klaseak izango dira, espazioetako edukierak eta garbitasun- eta higiene-neurriak beteko dira. Hori dela eta,  jarduera batzuk lekualdatu ditugu, espazio zabalagoa izateko. 

IZENA EMATEA

Informazio gehiago:

  • Pasaiako Udalaren Berdintasun Arloa
  • Euskadi etorbidea, 27, behea
  • 943004320
  • berdintasuna@pasaia.net
 

2020ko udazkeneko programa

PDF (2,5 Mb)