Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/09/07

Pasaiako emakumeentzako jabekuntza eskolako programa

Izen-ematea irailaren 12tik 27ra

Aurtengoan ere apustu irmoa egiten dugu Pasaiako Udaletik emakumeen ahalduntzearen, autonomia garatzearen eta osasunaren alde,  azken urteetan sendotzen eta zabaltzen joan den Jabetze Eskolari jarraipena emanez. Hori horrela, udazkenera begira hainbat ikastaro, tailer eta talde antolatu ditugu, batzuk aurreko urteetakoei jarraipena eman asmoz, eta beste batzuk bide berriak irekitzeko helburuz. Programazio berria, Jabekuntza Eskolako parte hartzaileen eta Berdintasun Mahaiko kideen proposamenetatik eta ebaluazioetatik abiatuta osatu da, eta hainbat berrikuntzekin dator.

Esaterako, aurten, urtero antolatzen diren tailer eta ikastaro luzeez gain, egun bat edo bi irauten duten zenbait tailer labur antolatu dira, horien artean, “Mikromatxismoak” edo emakumeen aurkako indarkeria?, Maitasuna: maitasun loturak eraikitzen, tratu onetik abiatuta eta Autodefentsa feminista neska gazteentzat.

Dena den, ikastaro luzeagoak ere izango ditugu, horien artean daude, adibidez, dagoeneko Pasaiako Jabekuntza Eskolan ibilbide luzea duen Mindfullness ikastaroa edo Autoestimua eta konfiantza lantzeko aukera eskainiko duena. Horiez gain,  iaz zoru pelbikoa lantzeko antolatutako ikastaroak izandako arrakasta ikusita, bide hori urratzen jarraitzea erabaki du udalak, eta zoru pelbikoa eta sexualitatea izeneko ikastaro bat antolatu du, baina oraingoan, emakumeen gorputzarekin eta sexualitatearekin harreman zuzena dutenez gero,  sexualitatea, kontzientzia, antropologia, kultura eta anatomia ere izango dituzte aztergai. Azkenik, Jabekuntza Eskolako parte hartzaileen eskariz, literatura feministak ere bere lekua izango du aurtengo programazioan, urte guztian zehar izango dugun Munduko emakumeen literatura ikastaroarekin.

Jabekuntza Eskolako taldeek ere indartsu bukatu dute ikasturtea, eta bide beretik jarraitzea espero dugu. Hori dela eta, ikasturte honetan ere bidelagun izango ditugu jatorri askotariko emakumeen taldea, indarkeria matxistari aurre egin dioten emakumeentzako autolaguntza taldea, ongi zaintzen eta maitatzen ikasteko taldea eta emakume korrikalariena. Azken talde hau iazko ikasturtean sortu zen Berdintasun arloaren eta Kirol sailaren arteko elkarlanaren bitartez. Hasiera batean, aurreko ikasturtean San Pedron eta Antxon antolatu zen emakume korrikalarien taldea, baina udalak urtarrilean Donibanen ere martxan jarri zuen ekimena. Harrera ona izan duela eta, ikasturte honetan hasieratik jarriko dira martxan emakume korrikalarien taldeak hiru barrutietan, Pasaiako kaleetan gero eta emakume korrikalari gehiago aurkitu asmoz, elkarrekin lasterka.

Azkenik, jatorri askotariko Pasaiako emakumeen artean sareak ehuntzen jarraitzeko gunea ere martxan izango da hilean behineko saioekin.

Hausnarketarako, sendotasunerako eta topaketarako tokia da Pasaiako Jabetze Eskola (PJE!), Pasaiako Udalak, Berdintasun Mahaiko kideekin batera, 2013an martxan jarritakoa. Emakumeak euren eskubideen jabe egiteko, haien bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Hori lortzeko asmoz, bertako errealitatea ikuspegi feministatik aztertu, eta berau aldatzeko tresnak eskuratzen dituzte. Pasaia eta, oro har, jendarte berdinzaleago, justuago eta indarkeria matxistarik gabeko baterantz urratsak egiteko.

Gainera, herriko emakumeen elkarteek eta taldeek ere lan garrantzitsua egiten dute berdintasunaren alde eta, baita emakumeak ahalduntzen ere, eta hainbat ikastaro eskaintzen dituzte urtero. Hori dela eta, aurten ere talde hauen inguruko informazioa jaso dugu Jabetze Eskolaren programazioan.

Tratu onetan oinarritutako harreman parekideak  lortzeko bideak zahartzaroan

Aurtengo beste berrikuntzetako bat izango da udalak  zahartzaroan tratu onetan oinarritutako harreman parekideak lortzeko sustatutako egitasmoa, IPES elkartearekin batera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Jabekuntza Eskolako zenbait ikastaro eta talderen baitan, zeharkakotasunez gai landu eta errealitatea ezagutzen laguntzeko saiakera egingo da, emakume helduek aurre egiten dieten eguneroko indarkeria matxistak ezagutu eta identifikatzeko asmoz.

IZEN-EMATEA

Jabekuntza Eskolako eskaintza doakoa izango da eta izen-ematea derrigorrezkoa izango da. Irailaren 12tik 27ra eman beharko da izena, ohiko bideetatik. Batetik, HAZeko bulegoetan entregatu daiteke izen-emate fitxa beteta. Bestetik, Pasaiako Udaleko zerbitzu telematikoen bidez. Salbuespen bakarrak tailerrak izango dira, horietan izena emateko nahikoa izango da e-maila bidaltzea berdintasuna@pasaia.net helbidera, eta tailerra baino 7 egun lehenago itxiko da izen-ematea.

Horrez gain, haurtzaindegi zerbitzua egongo da, eta hori behar duenak izena emateko garaian adierazi beharko du

Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta haurtzaindegia izango da. Zerbitzu hori erabiltzeko aurretik izena eman eta eskaera egin behar da.

Informazio gehiago:

  • Pasaiako Udalaren Berdintasun Arloa
  • Euskadi etorbidea 27, behea
  • 943 34 40 34 (910)
  • berdintasuna@pasaia.net

Azken ikasturtean ia 200 izen-emate

2021-2022 ikasturteko parte-hartze datuak oso onak izan dira eta ia 200 izen-emate egon dira antolatutako  ikastaro, tailer eta taldeetan. Hala ere, Udalak herriko emakume gehiagorengana iristen jarraitzeko ahalegina egin nahi du, askotariko adin, jatorri, hizkuntza, bizi ibilbide, sexu-identitateko emakumeak antolatu eta saretzeko, eta guztien ahalduntzea sustatzen jarraitzeko espazio aske eta seguruak sortzeko.

Informazio gehiagorako: berdintasuna@pasaia.net