Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/02/19
Pasaiako Jabekuntza Eskolaren hamargarren urteurrenaren ospakizuna
Otsailaren 15ean izan zen
Otsailaren 15ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, Pasaiako Jabekuntza Eskolaren (PJE) 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu zuen Pasaiako Udalak. 19:00etan hasi zen ekitaldia, eta ordurako beteta zituzten bertaratu ziren hamarnaka bizilagunek aretoko eserleku ia guztiak.
Udaleko Berdintasun Arloak sustaturiko dokumentala proiektatu zuten ekitaldia abiatzeko. Bertan, PJEren sorreratik gaurdaino eskolaren sustapen eta dinamizazio lanetan jardun izan diren arduradunek hartu zuten parte, eta baita egun erabiltzaile diren emakumeek ere, nahiz Pasaiako Berdintasun Mahaiko kide diren elkarte feministetako kideek.
Proiekzioaren ostean, mahai-ingurua osatu zuten lau emakumek: Amaia Agirregabiria Alberdi, PJE sortu zenean alkate eta Berdintasun Arloko arduraduna zena; Kontxi Lopez Soria, PJEko formatzailea; Mertxe Blanco Mata, PJEko erabiltzailea eta Topaketa talde feministako kidea; eta Laura Re Lozano, egungo Berdintasun zinegotzia. Lau hizlariak, Maialen Oregi Elizburuk dinamizatuta, eskolaren sorreraz, bilakaeraz eta etorkizuneko erronkez jardun ziren.
Horien ondotik, mikroa hartzeko aukera eskaini zien Oregik entzule gisa hurbilduriko emakumeei, eta horiei esker are eta aberatsagoa izan zen jardunaldia, eskolaren baitan izandako bizipen eta oroitzapenak partekatu baitzituzten aretokoekin.
Bukatzeko, mokadutxoa eskaini zien udalak parte-hartzaile guztiei, kulturguneko gela balioanitzean.