Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/10/08
Itsasoaren oroimena: Pasaiako itsas ondarea ezagutzeko erakusketa parte-hartzailea
MATERrek antolatuta, ekimena urriaren 1etik 31ra egongo da bisitagai San Pedroko Lonjan
Martxan da Itsasoaren oroimena erakusketa parte-hartzailea. MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak antolatuta, ekimena urriaren 1etik 31ra egongo da ikusgai Pasaiako Arrantza Lonjan, San Pedron.
Pasaia bakailao-arrantzaren Europako portu nagusietako bat izan zen, eta portuaren historia eta itsas bizitza belaunaldiz belaunaldi transmititutako objektu, kontakizun eta oroitzapenetan ere gordetzen dira. Erakusketak arrantza-tresnak, itsas kartak, buiak, argazkiak eta bakailao-ontzietako jatorrizko objektuak biltzen ditu, Pasaiako itsas ondare material eta immateriala berreskuratu eta herritarren artean ezagutarazteko.
Erakusketa ez da soilik bisitatzeko espazio bat izango: herritarrek beren oroitzapenak eta testigantzak partekatu, portuko istorioak ezagutu eta itsas munduarekin lotutako hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta erakusketa eta ekimenak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da.
Jarduerak:
- Saregileen tailerra, Hondarribiko saregileekin: urriak 6, 17:00-18:30 eta 18:30-20:00.
- Arte al agua dokumentalaren emanaldia eta solasaldia: urriak 10, 18:00etan.
- Itsas korapiloen tailerra: urriak 20, 18:00etan.
- Itsas-kartak interpretatzeko tailerra: urriak 29, 18:00etan.
Etxean Pasaiako flotaren argazkiak, arrantza-tresna edo pieza zaharrak, dokumentuak edo portuarekin lotutako familia-kontakizunak dituzten herritarrak horiek erakusketara eramatera gonbidatuta daude, Pasaiako itsas memoriaren artxiboa osatzen laguntzeko.








