Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/05/11

Itsasargia programan parte hartu duten emakumeen bizipenak jaso ditu udalak bideo batean

2019an jarri zen martxan emakume migratuekin akonpainamendu sozio-komunitarioko Itsasargia programa. Urtebeteren ondoren, programan parte hartu duten emakume guztiekin batera, proiektuaren ebaluazioa eta itxiera egiten dute. Horretarako, parte-hartzaileen bizipenak, kezkak eta esperientziak biltzen dituen bideo bat egin du udalak. 

Pasaiako itsasargiak nabigatzaileari etxera iristeko bidea erakusten dion bezala, Itsasargia programak herriko emakume eta emakume-elkarteen laguntzarekin, Pasaiara iritsi berriak diren emakumeei harrera egitea eta integrazio-prozesuan laguntzea  izan du helburu. Izan ere, Pasaiako Udala aspalditik ari da herrian bizi diren bizilagun guztien aukera-berdintasuna eta elkarbizitza positiboa bermatzeko urratsak ematen: harrera-protokoloa, aholkularitza juridikoa, jatorri askotariko emakumeen taldea, 2019. urtean aurrera eramandako gizarte-mentoretzako proiektua… Testuinguru honetan, aurrera begira ere lanean jarraitzeko, geldialdi bat egin, eta egindako ibilbidearen zatitxo bat jasotzea izan da helburua. Gizarte Ekintza saileko zinegotzi ordezkari Loreto Osak eskerrak eman nahi izan dizkie prozesuan parte hartu duten emakume mentoreei eta mentorizatuei, eta honela gaineratu du: “Gizarteratzea erakunde, eragile eta gizarte zibila osatzen duten pertsonen arteko parte hartze prozesu bateratu bat dela uste dugu, izan ere, eguneroko ekintza txikien bitartez lortuko dugu benetan aipatu dugun eta proposatu dugun helburua”.

Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Arloak eta Berdintasun Arloak martxan jarri duten egitasmo berritzailea izan da Itsasargia proiektua, SOS Arrazakeria eta Elhuyar elkarteekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendaritzaren laguntzarekin. Uxue Bereziartua Lonbidek (Berexiart) egin du ekitaldian aurkeztuko den ikus-entzunezko laburra, eta, bertan azken edizioko parte-hartzaileen ahotsak entzuteko aukera dago.