Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/09/26
Buceo Donostik itsas-hondoaren garbiketa eta hondakinen erakusketa egingo du
Garbiketa urriaren 1ean eta erakusketa 1etik 8ra
Urriaren 1ean Buceo Donostik Senokozulua inguruko itsas-hondoan zaborra jasotzeko ekimena egingo du «gizakiok gure jarrera arduragabearen ondorioz ozeanoei eragiten diegun kaltea azaleratzeko».
Garbiketarekin batera, Pasaiako Udaleko Ingurumen Sailarekin lankidetzan, jasotako hondakinen erakusketa antolatuko da, urriaren 1etik 8ra Bizkaia plazan. Hori amaitzean, Udala arduratuko da jasotako hondakinak dagokion sailkatze-gunera eramateaz.
Antolatzaileen arabera, «igande honetan jasoko duguna egunero hondoetan aurkitzen dugunaren lagin txikia besterik ez da, eta, zoritxarrez, garbiketa hauek gure urperatzeen parte bilakatu dira, urpekarien komunitatearen barruan itsas-hondoak garbi mantentzeko kontzientziazioa oso handia baita».
Jasotakoen artean ohikoenak dira plastikozko poltsak, botilak, mota guztietako latak, toallitak, aulkiak, pilak, eta abar luzea.
Buceo Donostiko kideek aipatu dute urpekaritzako agentzia ziurtatzaileen laguntza dutela, SSI kasu, gai horri buruzko doako prestakuntza-programen bidez arazo handi hori ikusarazten oso kontzientziatuta daudenak. Aipatu dute “Blue Oceans” delako ekimenei esker urpekariei zabor-bilketa hauek egiteko materiala ematen dietela, hala nola, hondakinak biltzeko sareak.
Amaitzeko, Udalaren laguntza eskertu nahi izan dute, bai espazioak uzteagatik, bai hondakinak kudeatzen laguntzeagatik.