Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/05/03
Pasaia Itsas Festibala, geroz eta jasangarriagoa
Eusko Jaurlaritzaren ‘Erronka garbia’ ziurtagiria lortu du festibalak.

Mugikortasuna, salerosketak eta hondakinak izan dituzte ardatz Jasangarritasun planean.
Hirugarren Pasaia Itsas Festibala (PIF) hasteko astebete falta denean, azken prentsaurrekoa egin dute antolatzaileek gaur, maiatzak 3, Donibaneko Kulturgunean. Aurkezpen horretan, maiatzaren 9tik 12ra bitarte gauzatuko diren jasangarritasun neurriak jarri dituzte jendaurrean.
Festibalak ingurumenean sor litzakeen inpaktu negatiboak arintzeko metodologia nagusituko da aurtengo jaialdian. Horri esker, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-jarduketarako sozietate publikoa den IHOBEk ematen duen Erronka Garbia-Ekitaldi Jasangarria ziurtagiria eskuratu du estreinakoz PIFak.
Teo Alberro Pasaiako alkate eta festibaleko presidenteak hala ireki du prentsaurrekoa: “Festibalaren lehen ediziotik ingurumena zaintzeko hartu izan diren neurriak Jasangarritasun Plan batean jaso ditugu, eta bide-orri hori erronka berriz hornitu dugu aurtengorako”. Plan horri esker, hain zuzen, lortu du PIFak Erronka garbia ziurtagiria, hiru alor hartuta ardatz: mugikortasuna, salerosketak eta hondakinak.
Xabier Agote Albaolako presidente eta festibalaren zuzendariak honakoan jarri du azpimarra: “Ez dago gizarte- eta kultura-ekintza onargarririk ingurumen-jasangarritasunarekiko konpromiso sendorik gabe”.
Ondoren hitza hartu du Markel Elizaldek, Mater-eko Komunikazio arduradunak: “Itsasoa bizi-iturri da, eta ez zabortegi; gure ardura da hori zaintzea, baita bizi garen komunitatearena ere; horregatik, festibalean doako bisita ekoaktiboak eskainiko ditugu itsasontzian, gure egunerokoan itsasoa zaintzeko interesa pizteko. Era berean, itsasoaren eta pertsonen aldeko martxa bat egingo dugu, batukadaren erritmoak lagunduta, Zabor eta Bio erraldoiekin, belaunaldi guztiek elkarrekin, Pasaiako haurrek Adinkide GKEarekin elkarlanean egindako dozenaka mezurekin. Erakunde horren helburua da adinduen bakardadea prebenitzea, aipatutakoa bezalako ekintza komunitarioak eginez”.
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua: “Itsas Festibala iraganaren eta etorkizunaren arteko sintesi paregabea da, gure itsas ondare aberatsari balioa ematen diona, eta itsasoaren inguruan ekonomia jasangarria gidatzeko konpromisoan funtsezko bultzada da. Horregatik, itsasoek eta ozeanoek lehentasunezko lekua dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren agendan”. Foru arduradunak azaldu duenez, Jasangarritasun Departamentuaren parte-hartzeak bi helburu argi ditu: “Lehenik eta behin, itsasoaren zaintzari buruzko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotzea; eta, bigarrenik, Itsas Festibala bere sorreratik ekitaldi jasangarri bihurtzea, honako hauek kontuan izanik: karbono-aztarnaren murriztea, hondakinen sorrera minimizatzea, garraio publikoaren irisgarritasuna eta ingurumenean duen eragin sozioekonomiko positiboa.”
Iraitz Pazos Pasaiako Udaleko Ingurumen zinegotziak Jasangarritasun Planari buruzko xehetasunak eman ditu: “Mugikortasunaren arloan, PIFak bere lehenengo ediziotik egin du apustu garraio publikoaren alde, eta horregatik aurten dei hori errepikatu nahi dugu. Izan ere, Pasaian soilik bertakoek aparkatu ahal izango dute beraien ibilgailu pribatua, eta bisitariek, hortaz, garraio publikoa erabili beharko dute”. Soilik bizikletan datozen horiek izango dute herrian aparkatzeko aukera, Trintxerpeko Gernika plazan eta Donibaneko motorren aparkalekuetan lehenengoz jarriko diren bizikletentzako aparkalekuetan.
Jasangarritasuna, zenbakitan
Erosketen eta kontratazioen arloan, jasangarritasun irizpideak ezarri dira. Hala nola, garraioaren CO2 isuriak murrizteko gertuko zerbitzuak lehenetsi dira eta lehengai eta material ez-kutsakorrak erabiltzen dituzten zerbitzuak. Horretaz gain, papera inprimatzea ahalik eta gehien saihestu da. “Adibide gisa, esan beharra dago kontratatutako zerbitzuen %22 Pasaiako enpresei esleitu zaizkiela eta %41 Oarsoaldekoei; kontratatutako zerbitzuen %83, gehienez 20 kilometroko distantziara kontratatu da”, zehaztu du Pazosek.
Lonjako estalkian kokatuko diren artisauak aukeratzerako orduan ere ingurumen irizpideak izan dira kontuan, eta aurkeztutako artisauen %53k jasangarritasunarekin loturiko edukia landu du aurkeztutako memorian.
Hondakinei dagokienez, Mater-en leloetako bat den “hondakin onena sortzen ez dena” esaldia izan da festibalaren ardatz. Ildo horretan, eta aurreko edizioetan bezala, antolakuntzak edalontzi berrerabilgarriak jarriko ditu ostalaritza jardueren eskura. Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan edalontziok informazio puntuetan ere egongo dira salgai eta horien alboan kokatuko diren bidoietan utzi ahalko dira erabili eta gero. Euro baten truke erosi ahalko dira horiek, eta salmentatik lortutako dirua Zaporeak elkarteari bideratuko zaio, ingurumena eta elkartasuna batuz.
Halaber, hondakinen gaikako bilketa sustatzeko kartelak jarriko dira edukiontzietan zein ostalaritza establezimenduetan.
Bisitarientzako erronkak
Antolakuntzak lau erronka proposatuko dizkie aurten bisitariei, festibala jasangarriagoa izateko euren aletxoa jar dezaten: garraio publikoa erabiltzea; festibalaren edalontzi berrerabilgarriak erostea; hondakinak gaika sailkatzea; eta badiara zaborrik ez botatzea.
Aurten lehenengo aldiz ezarri da Erronka garbia metodologia, eta asmoa da datozen edizioetan ere horrekin aurrera jarraitzea, pixkanaka-pixkanaka ekintza eta arlo gehiago gehituz Jasangarritasun planera. Hori lortzeko, orain arte bildutako datuez gain, jasangarritasunarekin loturiko datu gehigarriak ere jasoko ditu antolakuntzak. “Horri esker zenbait adierazle kalkulatu ahalko ditugu”, gehitu du Pazosek, “edizioz edizioko eboluzioa neurtu ahal izateko eta festibal geroz eta jasangarriagoa sortzen jarraitzeko”.