Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/01/26
Nazioarteko Turismo Azokan Pasaia Itsas Festibalaren hirugarren edizioa aurkeztu du Teo Alberro alkateak
Maiatzaren 9tik 12ra bitartean egingo da
Urtarrilaren 25ean Pasaia Itsas Festibalaren 3. edizioa aurkeztu da Fitur Nazioarteko Turismo Azokan. Gipuzkoako badia itsas kulturaz, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz, tailerrez eta beste arte- eta dibulgazio-ekitaldi batzuez gainezka egongo da.
Datorren maiatzean, Pasaiak bere erritmoa, kolorea eta usaina aldatuko ditu berriz ere, itsasoa eta bertako biztanleak omentzeko. Horrela, itsasertzeko gune handi gisa duen lekua aldarrikatuko du. Itsas Festibalaren aurkezpena Madrilgo FITUR Nazioarteko Turismo Azokaren 44. edizioko Euskadiko standean egin da.
Pasaia, Bizkaiko Golkoko portu natural onenatzat hartu izan zen mendeetan. Pasaiatik abiatu ziren Ternuara zihoazen baleen espedizio handienak, eta galeoi bikainenak bertan eraiki ziren. Portuaren ur babestuetan itsas industria garrantzitsua garatu zen, teknologikoki aurreratua, arrantzan, merkataritzan eta ontzigintzan oinarritua. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas edo Real Compañía de Filipinas Pasaian ezarri izana.
Egun, Pasaiak itsasoari begira bizitzen jarraitzen du. Bertako merkataritza-portuak, arrantzak, ontziolek, traineru-estropadek eta itsas ondareak leku berezi bezain erakargarria eskaintzen diote munduari.
2024ko maiatzaren 9tik 12ra bitartean Pasaiako badian egingo den topaketa honen aurkezpenarekin, itsas gertaera hau sustatu eta ezagutzera eman nahi izan da. Ondoz ondoko 4 egunez, badiako urak munduko hainbat lekutako ontzi tradizionalen elkargune izango dira berriz ere.
Teo Alberro Pasaiako alkate eta Pasaia Itsas Festibaleko presidenteak azpimarratu zuen Pasaia Itsas Festibala "berdinik gabeko erakusleiho bat" dela Pasaiaren kultura eta historia nazioartean proiektatzeko eta aitortzeko.
Xabier Agote Pasaia Itsas Festibaleko zuzendari eta Albaolako presidenteak esaldi honekin definitu zuen festibala: "Pasaia Itsas Festibala itsas nabigazioen eta galeoi aurreratuenen eraikuntzen istorio liluragarria da".
JAIALDIAREN ZENBAIT XEHETASUN
Jaialdia 2024ko maiatzaren 9tik 12ra bitartean egingo da, Pasaiako badian, eta bi gune handitan egingo da: lehorrean eta itsasoan.
Festibaleko protagonistak uretan egongo dira eta, nahiz eta tamaina handiko itsasontziak oso erakargarriak izan bisitariarentzat, bisitagarriak direlako; ontzi guzti-guztiek, handi, ertain edo txikiek, istorio paregabea kontatzen dute. Hainbat garaitakoak dira, eta hainbat erabileratarako eraikita daude. Horiei guztiei esker, Pasaiako badia dibertsitatearen eta ondare-balio izugarriaren erakusgarri izango da.
Aldi berean, lehorrean, kultura-programa berezia eta kalitatezkoa garatuko da: gastronomia, itsas tailerrak, nazioarteko eta tokiko musika, dantza eta antzerkia, artisautza-merkatua...
Aurtengo edizioan ohorezko gonbidatua Txile izango da, eta laster emango ditugu lankidetza horri buruzko xehetasun gehiago.