Eduki publikatzailea

Pasaia Itsas Festibala Fituren aurkeztu da

Urtarrilaren 22an

Aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatutako Euskadiko standean izan da, urtarrilaren 22an. FITUR Nazioarteko Turismo Azoka urtarrilaren 22tik 26ra dago Madrilen, eta Pasaia Itsas Festibala euskal kostaldean 2020an izango den ekitaldi berritzaile garrantzitsuena aurkezteko eszenatoki ezin hobea bihurtu da.

Ekitaldian parte hartu dute Harkaitz Millán, Basquetourreko zuzendaria; Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak; Izaskun Gómez Pasaiako alkateak eta Xabier Agote Pasaia Itsas Festibaleko zuzendariak. Horrez gain, Portugalgo Moita herriko alkate den Rui Garciak ere hartu du parte aurkezpenean. Izan ere, PORTUGAL izango da bigarren edizio honetako ohorezko herrialde gonbidatua.

Bigarren aldiz, eta lehen edizioaren arrakastaren ondoren, maiatzaren 28tik ekainaren 1era Pasaia Itsas Festibalaren 2. edizioa ospatuko da 2020an. Bost egunez jarraian, Gipuzkoako udalerri honetako urak kontinenteko hainbat tokitako ontzi tradizionalen topagune izango dira. Itsas topaketa handia izango da, eta bisitariei kultura, gastronomia eta musika jarduerez betetako giro kosmopolita eskainiko zaie.

Dagoeneko 3 ontzi handi daude baieztatuta: SHTANDART, 34,5 metroko luzera duen XVIII. mendeko errusiar fragata baten erreplika; OOSTERSCHELDE, hiru mastako goleta holandar bat, 50 metroko luzera duena eta 1918an eraikia; eta MARITÉ, hiru mastako eta 45 metroko luzera duen goleta frantziarra.

Era berean, ELKANO gipuzkoarrak egindako zirkumnabigazioaren 500. urteurrenak presentzia nabarmena izango du festibalean, itsas kultura bizi baten gaur egungo adierazpenaz lagunduta.

Edizio honetako berrikuntza guztiak www.pasaiaitsasfestibala.com webgunean argitaratuko dira.