Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/12/13
Pasaiako Itsas Eskola, itsasontzien makinen mantentze-lanei buruzko goi mailako zikloa D ereduan eskaintzen lehena
Blas de Lezo ikastetxea eta Udala elkarrekin urratsak egiten ari dira ikasleek euskaraz ikasteko
Urteetako esperientziak Pasaiako Blas de Lezo Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua erreferentziazko eskola bilakatu du itsas gaietako profesionalak prestatzen. Pasaiako Udalarekin elkarlanean, euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen ari da Itsas Eskola, eta horren erakusle da ikasturte honetan euren ikasketa-eskaintzan euskaraz ikasteko aukera zabaldu izana. Izan ere, Itsasontzietako eta Ontzietako Makinen Mantentze-lanen Antolaketa goi-mailako zikloa D ereduan ikasteko aukera eskaini duen Euskal Herriko lehen ikastetxea izan da Pasaiako Itsas Eskola.
“Euskararen biziberritzeak daukan erronka nagusietako bat da lan-mundua, eta lan-munduan gakoa da Lanbide Heziketa; batetik, bertan, ikasle eleaniztunak formatzen direlako, etorkizuneko profesional eleaniztunak. Eta, bestetik, Lanbide Heziketak lantokiekin elkarlan zuzena duelako. Horregatik, garrantzitsua da Lanbide Heziketa ere euskaraz egiteko aukera izatea” azaldu du Teo Alberro Pasaiako alkateak.
“Hori horrela, orain arte euskaraz ikasi duten ikasleek euren ibilbidea euskaraz jarraitzeko aukera izango dute Blas de Lezon. Hau da, Batxilergoa D ereduan ikasi duten ikasleek Lanbide Heziketa ere euskaraz egiteko aukera izango dute Pasaian, ziklo honi esker” gaineratu du Laura Ré Euskarako zinegotziak.
“Lorpen handia izan da hori, eta Udala Itsas Eskolarekin elkarlanean ari da euskararen bidean urrats gehiago emateko. Horren harira, orain Duala Euskaraz egitasmoa zabalduko dugu, ikasleek praktikaldia euskaraz egiteko aukerak areagotzeko helburuarekin” gaineratu du Euskarako zinegotziak.
Itsas Eskolako D ereduko ziklo horretako ikasleekin elkartu dira Pasaiako alkatea eta Euskarako zinegotzia, egiten dutena gertuagotik ezagutzeko.
Bertan izan da Amaia Albizu ere “urte askotako lanaren ostean ziklo hau euskaraz antolatzea lortu dugu. Azken urteetan argi ikusi dugu behar hori bazegoela. Oso harro gaude, pixkanaka gizartearen eskariari erantzuten ari garelako”.
Josu Atorrasagasti ikasleak hau adierazi du: “nik ziklo hau aukeratu nuen pare bat lagun ditudalako ziklo hau egina daukatenak eta lan-munduan erraztasuna dutelako lan egiteko; eta hori zen nik bilatzen nuena. Nik ikasketa guztiak euskaraz egin izan ditut beti, eta ziklo hau euskaraz izatea asko eskertu dut. Ikaskide guztiok euskaraz hitz egiten dugu, baten batek zailtasun handiagoak ditu, baina elkarri laguntzen aritzen gara”.
Bestalde, Iñigo Iribar irakasleak hau adierazi du: “oso pozik gaude abentura berri honetan parte hartzearekin. Materiala badago euskaraz eta hori lortzeko erraztasunak ere badaude gaur egun. Testu liburuak beste baliabide batzuekin ordezkatzen hasi gara, eta horiek ere euskaraz datoz”.
Pasaiako Udalak argi dauka lanbide heziketa tresna baliotsua dela lan-munduan murgiltzeko, eta lanbidea eta lan-jarduerak euskaraz ikasita ikasleek aukera handiagoak izango dituztela. Dagokien arlo profesionalean euskaraz nahikoa trebezia garatu ahal izango dute, bai ahozkoan baita idatzizkoan ere (euskara zientifikoa eta teknikoa...). Gainera, goi mailako ikasketak euskaraz eginda B2 euskara baliokidetza lortuko dute.