Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/31

Herrian antzemandako iruzur bati buruz ohartarazi du Udalak

Etxez etxe koltxoiak saltzen ahalegintzen ari dira iruzurgileak

Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Udaltzaingoak ohartarazi dute merkataritza-jardunbide oldarkorrak antzeman direla herrian azken asteotan.

Iruzurgileen "modus operandi"a, kasu gehienetan, ustezko enpresako ordezkarien etxez etxeko bisitekin hasten da, adineko pertsonak aurkitzeko familia-inkesta bat uzteko aitzakiarekin. Ondoren, koltxoiak saltzeko prozesu “oldarkorrari” ekiten diote, eta erosleari ez diote uzten eskaintza konparatzen, ezta iritzia aldatzen ere.

Iruzurrok bereziki adineko norbanakoei zuzenduta daudela ohartarazi du Udaltzaingoak. Hori horrela, departamentu arduradunek aholkatu dute halako egoeren aurrean etxeko atea ez zabaltzeko; bereziki, bizilagunak tankerako zerbitzurik eskatu ez baldin badu aurrez.

Atea ireki behar izanez gero, lehenago bizilagun, senide edota gertuko beste norbaiti kontsulta egitea gomendatu dute. Bai eta kontratua arretaz irakurtzea, produktua itzuli ahal izateko aukerari buruz informazioa eskatzea, eta erabakia hausnartuta izan arte koltxoi zaharra erretiratzeko baimenik ez ematea. Horrekin bat, erosketaren egiaztagiri guztiak eskatu eta gordetzea ere funtsezkoa da.

Horrelako praktika susmagarriak hautemanez gero, Pasaiako Udaltzaingoari jakinaraz diezazkiokete bizilagunek 943 00 43 00 telefono-zenbakira deituta.