Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/01/25

Inkesta irekia Pasaiako udalaren Klima eta Energia Plana egiteko

PASAIAK KLIMA-ALDAKETARI AURRE EGITEKO PLAN BAT IZANGO DU

Klima aldaketa hurrengo hamarkadako erronka nagusietako bat da, eta gizateriak aurre egin beharreko arazo handienetako bat. IPCCren (klima aldaketaren inguruko adituen nazioarteko panela) azken txostenak, joan den abuztuan argitaratutakoak, ez du zalantzarako tarterik uzten: "Klima aldatzen ari da planetako bazter guztietan", "aldaketa horietako batzuk atzeraezinak izango dira ehunka edo milaka urtetan" eta "berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko ekintza kementsu eta iraunkor batek bakarrik muga dezake haren irismena".

Azken batean, arazo globala da, eta horren konponbidea tokiko eskalatik jardutea da; izan ere, eskala horretan jasaten dira larrien tenperaturen igoera, itsas mailaren igoera edo muturreko fenomeno klimatikoen emaitza, gero eta ohikoagoak baitira gure lurraldean.

Udalerriak, beraz, funtsezko eragileak dira klimaren aldeko ekintzan zeina bi lan-ardatzetan gauzatzen den: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta klima-aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzea.

Pasaiako Udala norabide horretan lanean ari da eta, horretarako, Klima eta Energia Plana egiten hasi da. Plan honen bidez, berotegi-efektuko gasen isurketak % 40 murriztu nahi dira 2030erako, eta aurreikusitako inpaktu nagusietara egokitzeko bidean aurrera egin.

Plana sektore guztietara bideratuko da, eta, nola ez, Udaletik bertatik hasiko da. Garrantzi berezia emango zaie eraikinen eta argiteria publikoaren energia-eskaria murrizten eta udal-ekipamenduetan energia berriztagarriak instalatzen laguntzen duten neurriei. Neurri horien bidez, udalak energia-kontsumoa % 35 murriztu eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna handitu nahi du, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen eskakizunak betez.

Gainera, planak klima-mehatxu nagusiei erantzun eta aurrea hartu nahi die, eta pasaitarren osasunaren gaineko inpaktuak edo azpiegituren edo natura-ingurunearen gainekoak minimizatu nahi ditu, dagoeneko errealitate baitira.

Udalak herritar guztien eskura jarri du online inkesta bat, Plan honen bidez landuko diren gaiei buruz duten iritzia jakiteko.

Herritar guztiei irekitako parte-hartze saioak ere egingo dira, planaren aurrerapenak partekatzeko eta Pasaiako bizilagunak gehien kezkatzen dituzten gaiei buruz eztabaidatzeko.

  INKESTA