Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/12/24
Laurak Batek eta Udalak bi informazio-pantaila jarri dituzte Antxon eta Trintxerpen
Tokiko merkataritza dinamizatu eta herritarrei udal informazio garrantzitsua helarazi nahi diete
Pasaiako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen Laurak Bat elkarteak, Udalarekin batera, bi informazio-pantaila jarri ditu udalerrian.
Bata Trintxerpeko Alkateordetzako fatxadan jarrita dago eta bestea Antxoko Biteri plazan.
Mikel Garcia Peñil Merkataritzako zinegotziak adierazi duenez, "denbora daramagu bi pantaila hauek Laurak Batekin batera jartzeko ilusioarekin. Gaur inauguratuko ditugu, Gabonetako egun berezi hauetan. Pantailetan Pasaiako merkataritzari buruzko informazioa, ordutegiak eta promozioak irakurri ahal izango dira. Udalak herritarrei zuzendutako oharrak, albisteak eta bideoak ere proiektatuko dira".
Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidentearen iritziz, "elkarteak ilusioz eta konpromisoz jarraitzen du lanean Pasaiako merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei laguntzeko. Pantaila berriak erakusleiho handiak dira, eta gure herriak eskaintzeko duen guztia hobeto ikusteko aukera emango dute. Ekimen honen bidez, indartu egiten da hurbileko merkataritza bultzatzearen alde eta tokiko bizitza dinamizatzearen alde egin dugun apustua. Ziur gaude proiektu honi esker eragin positiboa lortuko dugula, eta horrek gure merkatariei eta bizilagunei mesede egingo diela".
Bukatzeko, bi ordezkariek 2025. urtean zehar Donibanen eta San Pedron pantailak jartzen jarraitzeko asmoa agertu dute.