Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/22
Pasaiak ongi etorria eman die aurten ere Sheroes Hangout proiektuko emakume indiarrei
Azido erasoak jasan dituzten emakumeak Pasaian dira jada

|
Pasaiako Udalak ongietorri instituzionala egin die gaur Sheroes Hangout proiektuan parte hartzen duten emakume indiarrei. Proiektu hori ahalduntze eta garapen profesionaleko programa bat da, azido erasoetatik bizirik atera diren emakumeentzat, Indiako Chhanv Foundation erakundeak sustatua, eta duela urte batzuk Pasaiako Bekoz Beko elkarte feministak laguntzen duena. Ekitaldia udaletxeko pleno aretoan egin da, eta bertan izan dira Teo Alberro Bilbao alkatea, udalbatzako kideak, Bekoz Bekoko ordezkariak eta Indiatik heldu berri diren kide hauek: Dolly eta Nagma, azido erasoak jasan dituzten emakumeak, Rajni Kant ingeles irakasle eta itzultzailea eta Ashish Shukla Chhanv Foundationeko kidea. "Bekoz Bekok egiten duen lanak urtero erakusten digu feminismoak ez duela mugarik", adierazi du Teo Alberro Pasaiako alkateak ekitaldiaren hasieran. "Chhanv Foundationekiko lankidetza honek bi errealitate oso desberdinetako emakumeak batzen ditu, baina borroka bera dutenak: duintasunarena, askatasunarena eta berdintasunarena. Indarkeria matxista arazo globala dela gogorarazten digu, baita horri aurre egiten dion elkartasuna ere". Alberrok, gainera, Pasaiako elkarte-sarearen inplikazioa azpimarratu du: "Pasaia herri konprometitua da, eta horrelako proiektuek erakusten digute nazioarteko lankidetza tokikotik jaio daitekeela, beste emakume batzuei eskua luzatzeko bere mugetatik harago begiratzea erabakitzen duen auzo-elkarte batetik". Ekitaldi instituzionalaren ondoren, Indiako ordezkariek eta Bekoz Bekoko ordezkari pasaitarrek, Udalbatzako kideekin batera, Pasaiako badiatik itsasontziz irteera bat partekatu dute, harrera eta kultur trukerako keinu sinboliko bat. Bekoz Beko eta Chhanv Foundation2017az geroztik, Bekoz Beko Chhanv Foundationekin lankidetzan aritzen da, Sheroes Hangout proiektua garatzeko. Proiektu horren helburua da azido-erasoetatik bizirik atera diren emakumeen prestakuntza eta kualifikazio profesionala bultzatzea, haien independentzia ekonomikoa eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzearren. Urte hauetan, besteak beste, Pasaiako Udalak finantzatuta, lanbide-orientazioko, administrazioko eta ofizioetako prestakuntzak egin dira; informatikako, artisautzako, ingeleseko eta enpresa-autogestioko tailerrak egin dira; bai eta hainbat material berri eskuratu ere, hala nola ordenagailuak, josteko makinak edo parte-hartzaileen mugikortasuna errazteko ibilgailu bat. Elkarte feminista gisa, Bekoz Bekok berdintasunari eta ingurumen-kontzientziari buruzko prestakuntza ere txertatu du, eta, besteak beste, autodefentsari, emakumeen sexu-osasunari, ekofeminismoari, birziklapenari edo emakumeen aurkako indarkeriari buruzko tailerrak sustatu ditu. Azken bi urteotan, proiektua handitu egin da, izan ere, zentro berri bat ireki da Kolkatan (India) eta Sheroes TV abian jarri da. Ikus-entzunezko espazio horretan, parte-hartzaileek Indiako pertsona ezagunak elkarrizketatzen dituzte eta haien esperientzia eta mezu eraldatzailea ezagutzera ematen dituzte. Bekoz Bekoren eta Chhanv Foundationen arteko lankidetza aliantza feminista eta solidarioa da, tokiko ekintza eta konpromiso globala uztartzen dituena, eta urtero berritzen dena Pasaia eta Indiaren arteko bisita-trukearekin. Sheroes Hangout proiektuko emakumeak Pasaian izango dira datozen egunetan, eta Bekoz Bekok antolatutako hainbat jardueratan parte hartuko dute. |







