Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/19

Indarkeria matxistarik gabeko jaiak nahi ditugu!

Sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena egin da


Pasaiako Udalak, aurten ere, jai inklusiboak eta indarkeria matxista, LGTBIQ+fobiko eta arrazistarik gabekoak bultzatzeko kanpaina aurkeztu du ekainaren  19an.

"Eraso sexistarik eta LGTBIQ+fobikorik ez!" lelopean, Teo Alberro Bilbao alkateak, Laura Ré Lozano Berdintasuneko zinegotziak, Jaione Gómez Garmendia eta Laura Roux Gil Berdintasuneko teknikariek, Lierni Aranbarri Udaltzaina eta Alazne Mendikute Arruti jaietako teknikariak aurkeztutako kanpainaren ardatza edozein indarkeria motaren gaitzespena da.

Horretarako, zenbait euskarri diseinatu dira eta guztiontzako jai-gune seguruak eraikitzeko neurriak hartu dira, ikuspegi feminista intersekzionaletik. “Pasaiako jaiak guztionak dira”, mintzatu da alkatea, “eta horregatik, guztiontzat seguruak eta errespetuzkoak izan behar dute. Udaletik, irmo gaitzesten ditugu indarkeria matxista, LGTBIQ+fobikoa eta jarrera arrazistak, eta eragileekin elkarlanean, jai libre eta berdinzaleak sustatzen jarraituko dugu".

Rék 2025eko protokoloari buruzko azalpenak eman ditu: “Helburua da jai-guneetan indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabide nahikoak ematea, jarduera eta espazio guztietan errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatuz”. Prozesu hau burutzeko, Pasaiako Udala mugimendu feministarekin eta beste gizarte-eragile batzuekin koordinatu da. 

Iaz bezala, zigilu berria erabiliko da, "jaietan libre", berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko jaien aldeko konpromisoa adierazteko. Aurten, herriko leku esanguratsuetan dauden olanez gain, telefono bidezko 24 orduko arreta-zerbitzua ere eskainiko da, barruti bakoitzeko jaietako egun seinalatuetan espezializatutako langileek artatuko dutena. 

Era berean, olana, kartel eta identifikazio-elementu berriak diseinatu dira, pasaitar gehien elkartzen diren leku estrategikoetan telefonoa ikusgai egon dadin. Aurtengo kartela Izaro Mariezkurrena artista pasaitarraren lana da.

Halaber, gazteen joan-etorri handieneko guneetan eta txosnetan kartelak eta arreta emateko telefonoa jarriko dira. Gainera, sexualitatearen bizipen osasuntsua, baimendua eta indarkeriarik gabea sustatze aldera, preserbatiboak banatuko dira txosnetan, Gehitu Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen euskal elkartearekin lankidetzan.

Aldi berean, 7.000 eskuorri banatu dira buzoietan, arreta-telefonoa duen esku-txartel batekin batera.

Herrian zehar topatu daitezkeen kartelek QR kode bat ere badute, data horietarako bereziki sortutako webgune batera birbideratzen duena. Bertan informazio praktikoa eta laguntza-baliabideak kontsultatu ahal izango dira. Erasoren bat gertatuz gero, arreta osoa bermatzeko, berariazko prestakuntza duten langileak izango dira, bai eta barruti guztietan puntu seguruak ere. 

"Jaiak askatasunez bizitzeko eskubidea guztiona da, eta protokolo honen bidez tresna praktiko eta kolektiboak jartzen dira martxan, indarkeriarik gabeko espazioak sortzeko", aipatu du Rék.

Estrategia hau indartzeko, prestakuntza teoriko-praktikoak garatu dira udaltzainentzat eta txosnetako arduradunentzat, bai eta prebentzio- eta arreta-irizpide orokorrak jasotzen dituen dokumentu bat ere, lau barrutietako jai-batzordeekin adostua. 

"Gure konpromisoa argia da: ez dugu inolako indarkeriarik onartuko gure herrian. Jazarria edo edozein eratan erasotua sentitzen den herritar orok jakin behar du Udalaren eta komunitatearen babesa duela", amaitu du Alberrok.

Pasaiako Udalak ozenki esaten jarraitzen du: “Ez eraso sexistarik, ez eraso LGTBIQ+fobikorik!”.

Arretarako udal-telefono zerbitzu profesionala: 747485445

Informazio gehiago nahi izanez gero: https://www.pasaia.eus/eu/berdintasuna-udakojaiak