Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/12
IKUSKAk sormena eta konpromiso soziala uztartuko ditu 26. edizioaren programazioarekin
Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldia azaroaren 15etik 23ra egingo da
Azaroaren 12an aurkeztu da ofizialki IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiaren hogeita seigarren edizioa, Trintxerpeko Alkateordetzan egindako ekitaldian. Aurten, azaroaren 15etik 23ra bitartean ospatuko da IKUSKA, eta askotariko programazioa eskainiko du: lehiaketarako film laburren proiekzioetatik hasi, eta interes sozial eta kulturaleko gaien inguruko atal paraleloetara arte.
Erakustaldia Pasaiako Udalak eta Trintxer Kulturala elkarteak antolatzen dute, eta lehiaketarako hautatuak izan diren film laburren bost saio eskainiko dira aurten. Bertan, hainbat herrialdetako zinemagileek parte hartuko dute, beren originaltasunagatik eta kalitate artistikoagatik nabarmentzen diren lanekin. Aurtengo IKUSKAk ere, jakina, bere atal paralelo ezagunak izango ditu: Oarsoaldeko euskaltegiekin elkarlanean euskara eta hizkuntza-bizikidetza sustatzen dituen Mintzagun atala, eta Emea eta Askotarikoa atala, Bekoz Bekorekin batera sustatua, genero-berdintasuna eta feminismoa aintzatesten dituena.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mintzagunen babesletzari esker, 6.600 euro banatuko ditu IKUSKAK hainbat kategoriatako sarietan. Jaialdiak Bekoz Beko eta Itsas Mendi elkarteen babesa ere badu.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Teo Alberro, Pasaiako alkatea, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sustapeneko zuzendaria, Aitor Brion Pasaiako Udaleko Ondare eta Kultura zinegotzia, eta Kike Santiago, Trintxer Kulturaleko ordezkaria eta jaialdiaren antolakuntza-taldeko kidea.
Alkateak IKUSKAk komunitate pasaitarrarentzat duen garrantzia azpimarratu du: "Aurten, ilusio handiz, hasiera emango diogu IKUSKAren hogeita seigarren edizioari. Lagun-talde baten ametsa bezala hasi zena mugak zeharkatzen dituen ekitaldi bihurtu da, mundu osoko parte-hartzaileak erakartzen ditu eta urtez urte gainditzen doan kalitate artistikoa erakusten du. IKUSKA, lehiaketa bat izateaz gain, inklusio eta aniztasun plataforma bat ere bada, Pasaian askotariko ahotsak, hizkuntzak eta sentsibilitateak uztartzen dituena. Sail paraleloek, Mintzagun eta Bekoz Bekorekin lankidetzan, hizkuntza-bizikidetza indartzen dute eta jaialdiak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa berresten dute".
Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak honako hau gaineratu du: “IKUSKAk erakusten du kultura tresna indartsua izan daitekeela gai sozialak lantzeko eta berdintasuna, aniztasuna eta elkarbizitza bezalako balio garrantzitsuen inguruan hausnarketa sortzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak ekimen hau baloratu eta babesten du, gazteriarentzat eta lurraldearentzat duen eraginean sinesten dugulako. IKUSKAren sormenak eta konpromiso sozialak Pasaiako eskaintza kulturala aberasten dute eta gizarte inklusiboago eta irekiago bat eraikitzen laguntzen dute.”
Ondoren, Aitor Brion Pasaiako Ondareko eta Kulturako zinegotziak IKUSKAren balio kulturala azpimarratu du: "Pasaiako Ondare eta Kultura arloentzat jaialdi hau funtsezko zutabea da, aberastasun kultural paregabea eskaintzen diolako gure herriari. IKUSKAk abagune bat eskaintzen die pasaitarrei eta bisitariei hausnarketarako, eta inguratzen gaituen munduarekiko loturez gozatzeko. Horregatik, udal ordezkariontzat ohore eta konpromiso bat da urtez urte lehiaketa hau babesten jarraitzea, kultura eta gizartea ehuntzen dituena eta gure herritarrei elkartzeko eta ospatzeko leku bat eskaintzen diena".
Azkenik, Kike Santiago Trintxer Kulturaleko ordezkariak honako hau esan du: “Edizio honetan, guztira, 6.000 euro baino gehiago banatuko dira sarietan. Nabarmendu nahiko nuke Emea eta Askotarikoa ataleko epaimahaia Bekoz Beko antxotar elkarteak, Trintxerpeko Topaketa taldeak, Lezoko Gaxuxa elkarteak eta Errenteriako emakume talde batek osatu dutela. Gainera, Adinkideko kakorratz-taldeak ere laguntza eman du eta artisau-sari bat sortu du. Talde horretan emakume batzuk elkartzen dira, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko”. Santiagok gaineratu duenez, aurten IKUSKAk beste bi atal izango ditu: Animazio saioa eta Dokumentalena.
Aurtengo egitarau osoa jaialdiaren webgune ofizialean kontsulta daiteke: www.ikuska.eus.