Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/06/18
Ikasturte bukaera hiru Udal Gaztelekuetan
Txangoak eta irteerak ikasturte bukaeran

Udalaren Donibaneko, Antxoko eta Trintxerpe-San Pedroko Gaztelekuetako 2020-21 ikasturtea bukatzear dagoenez, zehazki, datorren uztailaren 9 eta 10eko asteburuan bukatuko da; Gaztelekuetako gazteek, hezitzaileekin batera, hurrengo egunetarako irteerak eta txangoak prestatuko dituzte.
Osasun-egoera dela-eta, aurtengo irteerak egoera horri egokitutakoak izango dira, jarduera asko ezin baitira egin. Trintxerpe-San Pedroko gaztelekukoek surfa egin dute Zurriolako hondartzan eta irteera bat aurreikusi dute Baztan Abentura Parkera.
Antxoko gaztelekukoak Hondarribira joango dira piraguan ibiltzera eta snorkela egitera. Donibaneko gaztelekukoek irteera bat egingo dute piraguan badian barrena Pasaia Kayak-ekin.
Ikasturte hau oso zaila izan da, osasun-egoeragatik eta aforoen murrizketagatik. Hala ere, gazteleku guztietan gazteen parte-hartzea oso handia izan da. Guztira, 120 gaztek hartu dute parte udal gaztelekuetan. Horrek erakusten du zerbitzu hauek oso harrera ona dutela nerabe eta gazteen artean, izan ere, topaguneak eta sozializatzeko guneak behar dituzte. Familiek ere estimatzen dituzte honelako zerbitzuak.
Hiru gaztelekuetan garatu diren jarduerak askotarikoak izan dira, eta halaber, gazteek euren beharren eta gustuen arabera antolatu dituzte jarduera horiek, kale-hezitzaileekin batera.
Hauxe da, hain zuzen ere, Udalaren Gazteria Saileko udal gaztelekuen helburuetako bat, gizarte eta hezkuntza arloan oinarri-oinarrizkoa izatea, nerabeek euren aisialdiaren kudeaketan modu aktiboan parte hartzea, haien nahiak bideratzea eta helduarorako emantzipazio-prozesuan aurrera egitea.
Gaztelekuak elkartzeko tokiak dira, eta lagunekin eta adineko beste gazte batzuekin gelditzekoak. Beroietan ongi pasatu ez ezik, euskararen erabilera, aniztasuna, berdintasuna eta balioen heziketa bultzatu ohi dira.
Gaztelekuen zerbitzua Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du, eta gaztelekuetan aisia hezitzailean prestakuntza eta eskarmentua duten bina hezitzaile ari dira lanean.
Udaleko Haurren, Nerabeen eta Gazteen Sustapen Saila pozik dago ikasturte honetako emaitzarekin, eta eskerrak eman dizkie publikoki hezitzaileei egin duten lan handiagatik eta parte hartu duten gazteei beren konfiantzagatik eta parte-hartzeagatik.