Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/08/30

Ikasturte hasiera hiru udal gaztelekuetan

Irailaren 16an

Gaztelekuak leku seguruak dira, eta inoiz baino beharrezkoagoak. Horietan nerabeak dira protagonista, eta disfrutatzeko eta sozializatzeko aukera dute

Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak jakinarazten du irailaren 16an  irekitzen dituela Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko Udal Gaztelekuetako ateak, uztailaren erdialdera arteko iraupena izango duen denboraldiari hasiera emateko.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira, Covid-19ak eragindako konfinamenduak eragin handia izan duelako nerabeen osasun emozionalean. Dauden garapen-etapa dela-eta, lagunekin egoteko beharra dute, esperientzia berriak partekatzeko beharra. Gizarte- eta hezkuntza-zerbitzu honek horretarako aukera ematen die, horietan haiek dira protagonistak eta hezitzaileak dauzkate ondoan, haiei entzuteko eta laguntzeko, haien proposamen, zalantza eta beharrei erantzuteko.

Udal gaztelekuak elkartzeko guneak dira, kuadrillarekin egoteko lekuak, beste gazte batzuk ezagutzeko, gozatzeko eta hainbat plan egiteko guneak.

Pandemia egoeran gauden honetan, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak eta Gaztelekuek lehentasuna ematen diegu gazteen segurtasunari. Horregatik, osasun-agintariek eta Gaztematika sareak (Foru Aldundiak eta haur, nerabe eta gazteentzako politikak garatzen ditugun Gipuzkoako udalerriek osatua) ezarritako aforoak eta segurtasun-protokoloak bete behar ditugu, ahalik eta segurtasun handiena bermatzearren.

Zailtasunak zailtasun Gaztelekuak irekitzeko egunak mantenduko dira ikasturte honetan. Ostiral eta larunbatean arratsaldeko 5etatik 9etara irekitzeaz gain, ikasturte honetan ostegunetan arratsaldeko 6etatik 8etara ere irekiko dira.

Irekitzeko egunak aldian-aldian gehitzen joateko asmoa dago, Gipuzkoan 50 Gaztelekutik gora izanda, horietako gehienetan egiten den bezala; baina aurten ezin izan da, aurrekontu murrizketengatik. Nerabeek aspaldi egiten ari ziren eskaera zen, eta aurten zati batean behinik behin, erantzuna eman ahal izan zaie, egun batean gehiagotan irekiz. Ildo beretik, datorren ikasturterako helburua ikasturte honetan baino egun bat gehiago irekitzea litzateke. 
Hiru Gaztelekuetan antolatzekoak diren jardueren bidez, bizitzen ari garen pandemia egoerari egokituta; gazteen behar eta gustuei erantzun eman nahi zaie; hartara, gazteek eurek, hezitzaileen laguntza dutela, aukera izango dute abian jarriko diren jarduera asko antolatzeko.

Hasiera-hasieratik, nola Trintxerpe-San Pedroko Gaztelekuak hala Donibaneko gaztelekuak, biek izan dute barruti horietako gazteen artean harrera ona. Antxoko Gaztelekua izan da irekitzen azkena, eta nerabe eta familien harrera ezin hobea izan da. Joan den ikasturtean gazte asko eta asko izan dira Gaztelekuetako bazkide, aldian behin joaten direnez gain, eta horrek adierazten du beste udalerri batzuen aldean erabilera indizea altua dela; eta handia da hori, metroak direla-eta, zer mugatuta dauden kontuan izanda.

Gaztelekuen zerbitzua Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du, eta Gaztelekuetan animazio eta aisia hezitzailean prestakuntza eta eskarmentua duten bina hezitzailez gain, hiru gaztelekuetarako koordinatzaile bat ari da lanean.

Antxoko Gaztelekua Axular plaza, 7 behean dago, eta telefonoa hau da: 943-242577. Trintxerpe-San Pedroko Gaztelekua Gran Sol, 11, behean dago, eta telefonoa hau da: 943-248198; Donibaneko Gaztelekua J.J. Otaegiko eraikineko hirugarren solairuan dago, eta telefonoa hau da: 943-517290.

Udal Gaztelekuak funtsezko zerbitzuak dira Pasaiako Udalak garatzen duen haur, nerabe eta gazteen politika sustatzeko; eta beroietan nerabeen oinarrizko eskubideak bermatzen dira, hala nola: parte-hartzea, euskara, berdintasuna, inklusioa, aukera berdintasuna eta aisia hezitzailea.