Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/07/18
Udal Gaztelekuetan ikasturte emankorra bukatzeko abenturazko bidaia antolatu da gaztetxoentzat
Gallegon eta Saloun izan dira
Aurtengo ikasturtea oso emankorra izan da Pasaiako 3 gaztelekuetan: Antxo, Donibane eta Trintxerpe-San Pedrokoan.
13-17 urte bitarteko nerabeentzat erreferenteak dira gune hauek: gaztetxo eta nerabe asko bildu dira Gaztelekuetan ikasturtean zehar, 150 bazkide iraunkor egon dira. Gainera, ikasturtean zehar noizean behin gazte asko hurbiltzen dira.
9 hezitzaile bidelagun dituztela, aisialdi hezitzailea lantzen da beraiekin, sozializazioa, parte-hartze aktiboa, denen inklusioa eta hezkidetza. Gaztelekuen zerbitzua eta bertan garatzen diren jarduera guztiak euskaraz egiten dira. Izan ere, ikasturtean zehar beraiek proposatu eta egin dituzte jarduera asko.
Ikasturteari bukaera emateko, beste jarduera batzuen artean, abenturazko bidaia antolatu dute. 50 gazte izan dira lehenik Murillo de Gallegon raftinga eta paintballa egiten, eta ondoren Salouko Port Aventura, Aquapark eta Nautik parkeetan. Hezitzaileen hitzetan "oso elkarbizitza polita izan dute, egun ederrak pasa dituzte inongo arazorik gabe, eta barruti guztietako gaztetxoak elkartu dira".
Ikasturtea amaitzeko plan bikaina izan da.