Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/04/09
Zerbitzu Sailak egiten duen lana bertatik bertara ezagutu dute herriko ikasleek
Hiri-garbigune berrietara bisita ere egin dute aurten Pasaiako hiru ikastetxeetako gazteek
Aurten ere, Pasaiako Udaleko Eskubidean planaren barruan, herriko hiru ikastetxeetako LH5eko ikasleek bisita egin dute Pasaiako Udaleko Zerbitzu Sailaren Donibaneko pabiloira.
Urtero bezala, ikasle kopurua handia zela kontuan hartuta, bi txandatan egin dituzte bisitak: Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek apirilaren 8an eta Anuntziata eta Karmengo Amako ikasleek 9an.
Bisitetan Iraitz Pazosek, Hirigintzako eta Zerbitzu eta Mantentze-lanetako zinegotziak ere parte hartu du. Arduradun politikoak adierazi du ekimen hau "oso didaktikoa eta dibertigarria izan ohi dela herriko ikasleentzat”, eta aurten ere hala izan dela. “Saila, instalazioak eta langileak ezagutzeaz gain, ikasleen egunerokoan eragina duten ohiko zerbitzuek nola funtzionatzen duten ikasteko aukera dute bisita hauetan adingabeek. Eta baita zerbitzuetako langileek erabili ohi dituzten erremintak probatzekoa ere!”.
Bisita bost gunetan banatu dute arduradunek. Hala, ikasleek talde txikiak egin eta Zerbitzu Saileko langileen azalpenak entzun dituzte.
Ekimenari buruzko azalpenak eman ditu Pazosek: “Udalean egunero dihardugu haur eta nerabeek herrian aktiboki parte har dezaten eta udal politiketan eragiteko aukera izan dezaten lanean. Helburu horiekin bat egiten du saiakera honek, eragiteko lehen urratsa baita ezagutza bera”. Zinegotziak gaineratu du jardunaldien helburua erabat pedagogikoa dela: “Parkeak nola garbitzen diren, farolen funtzionamendua zein den... Eduki interesgarriak eta egunerokoak irakasteko helburua izan dute bisitek. Gainera, saio praktiko hauen bidez haurrak kontzientziatu nahi ditugu hondakinen eta garbiketaren inguruan”.
Azken helburu horri lotuta, aurtengo bisitetan gune berri bat txertatu da: hiri-garbigune berriak. Azken hilabeteetan barruti guztietan gaitu diren espazioak ezagutzeko aukera izan dute ikasleek. “Adibidez, Donibaneko garbigunea barrutik ezagutzeko aukera izan dute eta bertan jaso behar diren material eta hondakinak bereizten ikasi dute”.