Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/04/16

Pasaiako Udaleko Zerbitzuen Saila bertatik bertara ezagutu dute herriko ikasleek

  • Urteroko bisita egin dute Pasaiako hiru ikastetxeetako gazteek Donibaneko Zerbitzuetako pabiloira.
  • Aintzane Taberna alkateordeak adierazi du bisita “didaktikoak eta emankorrak” izan direla, eta Iraitz Pazos Zerbitzuetako zinegotzia gazteak kontzientziatzeko beharraz mintzatu da.

Pasaiako hiru ikastetxeetako LH5eko ikasleek bisita egin dute Pasaiako Udaleko Zerbitzuetako Sailaren Donibaneko pabiloira. Urteroko bisita “oso didaktikoa eta emankorra” izan da aurtengoan ere, Aintzane Taberna alkateordeak adierazi duenez.

Ikasle kopurua handia zela kontuan hartuta, bi txandatan egin zituzten bisitak igaro den astean: Anuntziata eta Karmengo Amako ikasleak izan ziren lehenengoak Zerbitzuetako langileen egunerokoa ezagutzen, eta hurrengo goizean egin zuten bisita Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle eta irakasleek.

Ekimenari buruzko azalpenak eman ditu Tabernak: “Haur eta Nerabeen Sailak gazteen parte-hartzea sustatzeko martxan duen Eskubidean programaren barruan hasi zen udala bisita hauek antolatzen, eta hain arrakastatsuak izan zirenez, urtero-urtero egitea erabaki zen”. Hala, urtero bosgarren mailako ikasleek bisita egiten dute Pasaiako Udaleko Zerbitzuetako langileen pabiloira.

Iraitz Pazos Zerbitzuetako zinegotziak adierazi du jardunaldien helburua “pedagogikoa” ere badela: “Haurrak kontzientziatu nahi ditugu hondakinen eta garbiketaren inguruan”. Izan ere, eta langileek bisitetan ikasleei esan dieten bezala, hondakinik onena sortzen ez dena da.

Adierazpenak probestu ditu Pazosek departamentuko langileen lana goraipatzeko: “Aitortza egin nahiko nieke egunerokoan gure kaleak txukun, garbi eta bizigarri mantentzeko lanean dihardutenei, ezinbestekoak baitira pasaitarron egunerokoan”.