Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/11/30

Pasaiako Udalak II. Berdintasun Plana onartu du

Pasaiak badauka dagoeneko II. Berdintasun Plana. Ordura artean egindako berdintasuneko politika publikoen ebaluazioa egin ondoren, tartean, 2016-2020 urte bitartean indarrean egon den planarena, II. Berdintasun plana osatu da. Prozesuan, politikariek, teknikariek, Berdintasun Mahaiko kideel, Jabetze Eskolako ikasleek eta norbanakoek hartu dute parte.

Emakundeko VII. Planak zehaztutako gidalerroei jarraikiz osatu da Pasaiako II. Berdintasun plana, eta lau ardatz nagusi ditu: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea eta indarkeria matxista.  Horrela, ardatz bakoitzaren barruan, datozen urteetan gauzatzeko helburu estrategiko batzuk zerrendatzen dira, hala nola, genero-ikuspegia integratzeko prestakuntza eta gaikuntza eskaintzea, genero-ikuspegia lan-prozeduretan txertatzea, sailen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea, Udalaren lan-eremuan genero-ikuspegia txertatzea, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzea, emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa areagotzea, eta eragiteko gaitasuna garatzea eta Mugimendu Feministaren aitorpena eta lankidetza areagotzea. Era berean, zainketa-lanen demokratizaziorantz urratsak egitera, udalerrian gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasuna eta hezkidetza-programak sustatzera, emakumeen autonomia ekonomikoa sustatzera, indarkeria matxistari aurrea hartzera, emakumeei arreta integrala eskaintzera eta indarkeria jasan duten emakumeei aitortza ematera zuzendutako ekintzak jasotzen dira.

Berdintasunerako estrategiaren eta planaren abiapuntua teoria feministek eta Mugimendu Feministaren ildoek sortzen duten ezagutza izan da. Agenda feministak, oro har, eta tokiko mugimenduak bereziki hautematen dituen beharrak, ikuspegia eta lan-ildoak hartu dira kontuan.