Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/04/24

Hasi da Trintxerpeko Igeldo kaleko urbanizazioa berritzeko obra

Lanek 1.086.768,22 euroko aurrekontua dute eta 21 astean egitea aurreikusia dago

Pasaiako Udalak ekin die Trintxerpeko Andonaegi auzoko Igeldo kalea berrurbanizatzeko lanei, auzo osoaren birgaitze integraleko planaren barruan. Lanak gauzatzeko aurreikusitako epea 21 astekoa da. 

Igeldo kalearen berrurbanizazioa Andonaegi auzoaren eraldaketa sakonaren barnean dago, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea helburu duen plan integralaren baitan. Proiektu hau Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren zati da. Igeldo kaleko esku-hartzeak, zehazki, 1.086.768,22 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta horietatik 466.279,15 euro NextGeneration funtsen bidez finantzatuko dira.

Lanen artean, espaloiak zabalduko dira eta bideak irisgarri eta erosoagoak izan daitezen egokituko dira, urbanizazio kotak atarien kotekin bat egin dezaten.  Gainera, argiztapen berria ezarriko da, saneamendu-sarea berrituko da eta elektrizitate- eta telefoniako kableak lurperatuko dira. Azpiegituraz gain, berdeguneak sortuko dira eta zuhaitzak landatuko dira. Halaber, egitura berriak eraikiko dira, besteak beste, euste-hormak.

Andonaegi auzoaren eraldaketa integrala

Igeldo kaleko berrurbanizazioa Andonaegiko birgaitze integralaren fase bat da, non 19 ataritan banatutako 190 etxebizitza zaharberritzen ari diren. Plan integral horrek hiru oinarri ditu: eraikinen birgaitze integrala (irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna), urbanizazioa eta ekipamendu publikoa. Hori guztia faseka egingo da, eraikinak zaharberritzen eta Igeldo kalea urbanizatzen hasita.

Jarduketetan parte hartzen duten 190 etxebizitzetatik 160tan inguratzailearen birgaitze energetikoa egingo da eta irisgarritasuna hobetuko da, eraikinen barruan igogailuak jarriz eta atarietan lanak eginez bide publikotik irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Gainerako 30 etxebizitzetan, berriz, irisgarritasun unibertsala baino ez da bermatuko, energia-eraginkortasunaren baldintzak betetzen baitituzte, fatxadetan obrak eginak dituztelako.

Kaleak berrurbanizatzeko planak oinezkoentzako eta egoteko eremuak eta zuhaiztien berritzea lehenesten ditu, eta hiri-altzariak hobetzea eta azpiegiturak berritzea dakartza. Bestalde, hegoaldera begira dauden egonleku berriak sortzeko eta kaleen arteko komunikazio bertikalak hobetzeko balioko du. Oro har, lehentasuna emango zaie oinezkoentzako guneei eta irisgarritasunari.