Argitaratze-data: 2022/12/14
Gerard Marcel de Jong idazleak bidalitako liburu berria Ubera liburutegian
Donibaneko herri osoari eskaintzekoa den oparia
"Beste Hitzak-Other words" programaren barruan, Donibaneko idazleen Hugoenea etxean izan genuen Gerard de Jong idazle frisiarra, 2017ko maiatzaren 2tik aurrera bi hilabetez. Sei mila hiztun besterik ez dituen Bildt hizkuntza da haren ama-hizkuntza, erabilera oso urrikoa, XVI. mendetik aurrera garatu dena. Herbeheretako nekazariek eta dikeak eraikitzen ziharduten langileek erabiltzen omen zuten, eta eurekin eraman zuten frisiar lurretara abiatu zirenean, itsasoari lurra irabaztea helburu.
Egonaldiak iraun zuen bitartean hainbat ekimen burutu zituen Uberako Liburutegiaren lagunekin batera eta harreman asko egin zituen bertako herritarrekin. Bi hilabete haietan bizi izandakoak gogo onez oroitzen ditu Gerardek, Pasaiaz gain, Euskal Herriko hainbat txoko eta gure hizkuntza ezagutzeko aukera izan zuen. Esker onez eta herri honi aitortza eginez, “Blau fan dagen, griis fan ônrust” bere lehen eleberriko portada eta hainbat pasarte Donibaneri buruzkoak dira. Bideoan ikus daitekeen bezala, liburua gurean dugu dagoeneko eta Liburutegiko Lagunek pozik hartu dute Bildt hizkuntzan idatzitako eleberria.