Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/02/09

iber3 egitasmoa abian da otsailean: ibili, ikusi eta ikasi

11 ikastetxe 11 tontor ekimenaren ildotik, Covid19aren ondorioz ditugun mugak eta aukerak identifikatu eta aztertu ondoren; badator iber3 ekimena, gure ingurune hurbila, paisaia, herri ondarea eta horien historia ezagutzeko sortu dena, haurrek eta familiek jarduera aktiboak egiten jarrai dezaten, EskolaFit egitasmoaren osagarri gisa. Aukera paregabea da, herrietatik irten ezin dugun momentu honetan eskura duguna ezagutzeko eta  gozatzeko.

Helburua da Oarsoaldea bailarako herri bakoitzerako diseinatu diren IBILALDI NEURTU, IBILALDI INTERAKTIBO ETA ORIENTAZIO IBILBIDEEN bitartez, ingurua ezagutzea, eta ibilbideetan zehar aurki ditzakegun elementu natural zein historikoekin elkar eragitea. Iber3 izena hiru ekintza horien laburdura ere bada, era berean.

Egitasmo honetako askotariko jarduerak eskuragarri jarriko dira, ikastetxeen bitartez, nahiz https://www.oarsoaldekoeskolakirola.eus/ web orriaren bitartez. Besteak beste, jarduera hauek jasoko dira:

Ibilaldi neurtuak

Herrian zehar edo landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean, puntu batetik bestera eta, orokorrean, zehaztutako erritmoan oinez, korrika edo bizikletan osatu beharreko ibilaldiak izango dira. Informazio guztia fitxa batzuen bitartez zabalduko da.

Ibilaldi interaktiboak

Herrian zehar edo landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean, inguruarekiko informazioa eskuratu edo harekin elkarreraginez galdetegi bat osatzean oinarrituko dira ibilaldiak. Galdetegia bera esteka baten bitartez zabalduko da.

Orientazio ibilbideak

Herrian zehar edo landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean,mapan zenbakiz adierazitako puntuak dokumentu berean azaltzen diren hizkidun argazki edo irudiekin zuzen erlazionatzean oinarrituko dira ibilaldiak. Mapa eta irudiak fitxa batzuen bitartez zabalduko dira.

Jarduerak zuzen edo era egokian burutu diren jakiteko ibilaldi neurtu eta orientazio ibilbideetan jasotako emaitzak norberaren ikastetxeetako Eskola Kirolako koordinatzaileari iritsarazi beharko zaizkio. Ibilaldi interaktiboetan ordea, galdetegiak erantzun besterik ez dira egin beharko, bertako informazioa zuzenean iritsiko baitzaio koordinatzaileari.

Hiru jarduera edo ekintza hauek bilduko dituen ekimen hau aukera paregabea izango da aktibo mantentzeko eta familia unitateetan une gogoangarriak bizi eta inguruneaz ikasteko.

Anima zaitezte, parte hartzea merezi du!