Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/04/30

Ibaiondoko zabaldegia erabilgarri dago jada

Gunea lehengoratu eta itxiturak erretiratu ditu ETSk

Altza eta Galtzaraborda arteko lurpeko tunelaren indusketa gaur, apirilak 30, amaitu da. Obrek aurrera egin ahala, lanen ondorioz okupatu eta itxitako espazioak berreskuratzen hasi dira dagoeneko antxotarrak.

Zehazki, 2024ko ekainaren 8an Gure Zumardia zabaldu zen, eta egun batzuk geroago Gelasio Aranburu kalea oinezko nahiz autoentzako gaitu zen berriro (ibilgailuak barrutiaren erdigunetik desbideratzeko trafiko-aldaketa batekin).

Gaur bertan, apirilak 30, Ibaiondoko zabalguneko hesiak kendu ditu Eusko Trenbide Sareak (ETS). Gunea lehengoratu egin du erakunde publikoak, aldaketa batekin: espazio horretan haizebide berri bat sortu dute. Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateorde eta Mugikortasuneko zinegotziak eman ditu azalpenak: “Herritarren lan eta eskaerei esker, hasierako obren planak moldatu eta haizebide hori zabalguneko berdeguneetako batean integratu dute, aurreikusitakoa baino altuera askoz txikiagoarekin, gainera. Ahalik eta eragin edo baldintzatze txikiena jasango du horrela jatorrizko plazak”.

ETSk, beraz, kantinaren ondoko zabalgunea lehengoratu du: plaza bera, berdeguneak, zuhaitzak, eserlekuak... Gaur bertan gunea bisitatu du Teo Alberro alkateak, Antxoko alkateordearekin batera. Honakoa adierazi du Alberrok: “Eguraldi ona heltzearekin batera, Antxoko funtsezko guneak berreskuratzen ari dira bizilagunak. Pozgarria da oso herria geroz eta irekiago ikustea, obretako hesiak erretiratzen doazen heinean”. Alkateak eskerrak eman dizkie antxotarrei: “Aurreikusitako epean, baina luze joaten ari da topoko obra; azken txanpara heldu gara, ordea. Espazioen itxierak, soinuek eta bestelakoek erabateko eragina izan dute bertako bizilagunen egunerokoan, eta eskertzekoak dira hilabete luze hauetan izan dituzten jarrera eta pazientzia”.

Ordezkariek adierazi dute Gure Zumardiaren etorkizuneko itxura eta izaera diseinatzeko parte-hartze prozesuak ere emaitza emankor eta aberatsak eman zituela. “Horren emaitzen berri aurki izango dute pasaitarrek”, amaitu du Garciak.


​​​​​​​