Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/10/30

Hospitalillon 66 aparkaleku gehiago irekiko dira

Trintxerpen, azaroaren erdialdetik aurrera

Behin-behineko aparkalekuko 198 plazei 66 gehituko zaizkie obrek irauten duten bitartean. Adinberri zentroaren eraikuntzak 468 plazako lurpeko aparkalekua izatea ere aurreikusten du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalarekin eta Pasaiako Portu Agintaritzarekin lankidetzan, 66 aparkaleku berri jarriko ditu Hospitalillo inguruan, kirol-portuaren ondoan. Plaza berriak egokitzeko lanak azaroaren 6ko astean hasiko dira, eta plaza berriak azaroaren erdialdetik aurrera egongo dira erabilgarri. Hala, plaza horiek urtarrilean behin-behineko aparkaleku gisa egokitu ziren 198 plazei gehituko zaizkie, Adinberri zentroa eraikitzeko lanek irauten duten bitartean. Obrak uztailean hasi ziren, eta proiektuak 468 plazako lurpeko aparkaleku bat eraikitzea ere aurreikusten du.

Adinberri eraikitzeko lanak uztailaren 26an hasi ziren, eta proiektua 66.430.996,17 euroan esleitu zuen Foru Gobernu Kontseiluak, 48 hilabeteko gauzatze-epearekin. Aipatu bezala, zahartzeari buruzko erreferentziazko zentroaz gain, proiektuak 468 plazako lurpeko aparkaleku bat sortzea aurreikusten du, egoitzari ez ezik, Pasaiako bizilagunei ere zerbitzua emango diona.

Obrak eragindako afekzioen zati bat arintzeko asmoz, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak, portuko agintaritzarekin eta Pasaiako Udalarekin lankidetzan, 198 plazako aparkaleku bat inauguratu zuen urtarrilaren 11n Ciriza eraikinaren ondoan. Horietatik 6 mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuentzat dira. Aparkaleku hori Trintxerpeko bizilagunek bakarrik erabil dezakete gauez. Era berean, Udalak 17 plazako aparkaleku bat ireki zuen irailaren hasieran Araneder kalean, bertakoentzat bakarrik. Orain, beste 66 plaza gehituko dira Hospitalillo inguruan.

Adinberri, giltzarria Gipuzkoan eta Pasaiaren biziberritzean

Adinberri erreferentziazko zentroa Pasaiako Hospitalillo inguruan kokatuko da, eta proiektu honek garrantzi berezia du, bai Aldundiarentzat, baita Pasaiako udalerriarentzat eta lurralde osoarentzat ere. Adinberri Etorkizuna Eraikizen deritzon estrategiaren esparruan sortutako proiektua da, eta estrategia horren erreferentziazko zentroetako bat da. Pasaiako erreferentziazko zentroa Aldundiak azken hamar urteetan funts propioekin egindako inbertsiorik garrantzitsuena da, izaera sozial eta aitzindaria duen azpiegitura, Gipuzkoako gizartearen zahartzeak dakarren erronka handiari lankidetzatik eta berrikuntzatik erantzuten diona.

Zentro honek Pasaia biziberritzeko beste bultzada bat ematen lagunduko du, 400 lanpostu inguru sortuko baititu zuzenean eta zeharka, eta udalerria Gipuzkoan ezartzen ari den zainketa-eredu berriaren erreferentzia nagusi bihurtuko baitu. Adinberri zentroak Pasaia biziberritzen lagunduko du, Herrerako pabiloiekin, Pasaiako Lonjarekin eta SPRIren eraikinarekin batera.

Azpiegiturak adinekoentzako 124 plazako egoitza bat, 22 plaza izango dituzten tutoretzapeko 18 apartamentu eta eguneko zentro bat izango ditu. Pertsonengan zentratutako arreta, komunitatearekiko loturak eta berrikuntza ardatz dituen zainketa-ereduari erantzungo dio. Ildo horretan, Adinberriko berrikuntza-unitatea 680 metro koadroko espazio batean kokatuko da, eta bertan ikerketa, esperimentazio eta testaketarako gune bat egongo da. Era berean, Pasaiako hiri-ingurunean integratutako plaza zabal bat izango du, pasaitar guztien gozamenerako, baita hainbat instalazio komun eta erabilera anitzeko gunea ere.