Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/06/11
Pasaiako birziklatze-tasa % 51,4koa da, "Etorkizuna birziklatzen" kanpainari esker
Pasaiako 7.500 etxebizitza baino gehiago bisitatu dira informazioa eta birziklatzeko materialak emateko.

Pasaiako Udalak tinko jarraitzen du udalerrian hiri-hondakin solidoen gaikako bilketaren inguruan jauzi egiteko apustuan. Erabaki hori hartzeko arrazoia izan zen joan den urtearen amaieran gaikako bilketaren tasa % 48koa zela, eta oso urrun zegoela Europako Zuzentarauak eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak eskatutako helburuetatik.
Datu horiek hobetzeko, Udalak bi ekimen garrantzitsu abiarazi zituen 2024an: alde batetik, hondakinak biltzeko sistema hobetzeko prozesuari ekin zion, eta, besteak beste, bost hiri-garbigune sortzea proiektatu zuen, bai eta informazio-kanpaina indartsu bat diseinatu ere, herritarrei hondakinak jatorrian bereizten laguntzeko eta kontzientziatzeko. Bestalde, etxeko eta merkataritzako hondakinei buruzko udal ordenantza eguneratu zen, eta berriki onartu da datozen urteetarako hondakinen udal plana.
"Pasaiak beheranzko joera zekarren etxeko hondakinen bereizketari dagokionez, Legeak ezartzen dituen helburuak lortzetik oso urrun. Udaletik premiaz esku hartzeko beharra ikusi genuen" adierazi du Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak. Horregatik, 2025eko urtarrilaren amaieran eta apirilaren 11ra arte, Udalak "Etorkizuna birziklatzen" kanpaina egin du. "Eskura genituen tresna guztiak erabili ditugu kanpaina honek herritarrengan eragin positiboa izan zezan, eta lortu ditugun lehen emaitzak oso positiboak dira", gaineratu du zinegotziak.
Informazio-kanpainaren helburu nagusia izan da Pasaiako herritar guztiak eta saltokiak informatzea eta sentsibilizatzea, "guztion artean hondakinen gaikako bilketa sistemaren legedian ezarritako helburuak bete ditzagun. Premiazkoa eta beharrezkoa da".
Bisitak etxe eta saltokietara
Sei ingurumen-hezitzailek 7.520 etxetara egin dituzte bisitak lau barrutietan; merkataritza-lokalei dagokienez, 500 inguru bisitatu dira. Bisita horiei emandako erantzuna oso ona izan da: San Pedroko etxebizitzen % 41era eta Trintxerpe, Antxo eta Donibaneko % 50era zuzenean iristea lortu da. Etxean inor ez zegoen kasuetan, baldintza egokiak betetzen baziren, materiala ate aurrean utzi da, kanpainaren garapenari buruzko azalpen-ohar batekin batera, eta hezitzaileekin harremanetan jartzeko eskatu da.
Bisita horietan, kanpainaren xedea azaltzeaz gain, birziklatze-materialen sorta bana utzi da etxeetan eta komertzioetan: organikoarentzako kubo bat, poltsa-sorta bat, birziklatze-gida bate eta iman bat.
Puntu finkoak eta ibiltariak
Kanpainan zehar bi puntu finko egon dira herritarren eskura: bata Trintxerpen (Gudari plaza) eta bestea Antxon (Biteri plaza). Lau barrutiak zeharkatu dituen informazio-gune ibiltari bat ere jarri da martxan. Puntu horietara 1.731 pertsona hurbildu dira. Horrenbestez, "baliabide ezin hobea izan dira pertsona askoren zalantzak argitzeko".
Lehen emaitzak, oso positiboak
Birziklatze-tasari dagokionez, 2024ko lehen lau hilabeteak 2025ekoekin alderatuz gero, birziklatze-tasak gora egin duela ikusten da, eta, beraz, joera aldatu egin dela, Pasaian 2022tik ez bezala.
"Goizegi da balorazio orokorrak egiteko, baina 2025eko apirila (% 51,4) 2024ko apirilarekin (% 45,9) alderatuz gero, % 5,5eko hobekuntza ikusten da emaitzetan" adierazi du Ingurumeneko zinegotziak.
Hurrengo urratsak
Informazio-kanpaina, ordenantza berriaren onarpena eta udal hondakinen plana sistema hobetzeko eta herritarrei informazioa emateko prozesu luze baten lehen urratsa izan dira, hondakinei buruzko araudian ezarritako birziklatze-helburuak lortzeko.
Hurrengo urratsa hondakinak biltzeko sistema hobetzen jarraitzea da. Izan ere, nahiz eta herritarren aldetik hautemangarria ez izan, etorkizunean birziklatze-tasan beste jauzi kuantitatibo bat lortzea ahalbidetuko du, betiere herritarren lankidetzarekin eta prestasunarekin; izan ere, informazio-kanpainan zehar jendeak interes handia erakutsi du komunitatearen onura lortzen laguntzeko, datuak hobetzea ahalbidetzeko eta, beraz, horrek dakarren aurrezpen ekonomikoa bultzatzeko. "Eskerrak eman behar dizkiegu herritarrei haien laguntzagatik, baina ez dugu ahaztu behar legediak guztiok behartzen gaituela hondakinen bereizketan arduratsuak eta saiatuak izatera, eta, horrela, pixkanaka, planteatzen zaizkigun birziklatze-helburuak lortu ahal izateko". "Barne-mailan sistemaren hobekuntzarekin amaitzen dugunean, kanpainaren logotipoa duen behin betiko txartela bidaliko diegu etxebizitza eta saltoki guztiei. Txartel horrek edukiontzi marroia eta, etorkizunean, grisa irekitzeko balioko du. Prozesua uste baino luzeagoa izaten ari da, baina herritarrei lasaitasuna helarazi nahi diegu, urrats bakoitza bere garaian ezagutaraziko baitugu."
Besterik jakinarazi arte, beraz, poltsa konpostagarriak HAZeko bulegoetan eska daitezke, eta edukiontzi marroiak irekitzeko kanpainan zehar banatutako txartelak erabil daitezke.