Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/24
Hondakinen banaketa eta bilketa hobetzeko informazio-kanpaina
Informazio-bandoak jartzen ari dira udalerriko atari guztietan
Hondakinen kudeaketa egokia sustatzeko eta udalerria garbi mantentzeko helburuarekin, Pasaiako Udalak informazio neurri bat jarri du martxan, herriko etxebizitza guztietara iritsiko dena. Etxeetako atarietan dagoeneko jartzen ari diren bandoen bidez, herritarrei eskatzen zaie aktiboki laguntzeko hondakinak bereizten eta hondakin horiek uzteko eremuetan ordena mantentzen.
"Udalerriaren garbiketa ez da Udalaren erantzukizuna soilik, Pasaiako herritar guztiok modu aktiboan hartu behar dugun konpromisoa baizik", adierazi du Teo Alberro alkateak. "Herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat da behar den lekuan uzten ez diren hondakinena, eta, beraz, bizikidetza-arazo bat sortzen du horrek. Egoera batzuetan zabor-poltsak, altzariak edo obra-hondakinak gaitu gabeko eremuetan uzten dira, eta horrek eragin negatiboa du gure ingurunean eta bizilagunen bizi-kalitatean". Horregatik, Udal Gobernuaren ustez, neurri hau funtsezkoa da, ez bakarrik indarrean dauden araudiei buruzko informazioa emateko, baita praktika desegoki horiek egiten dituztenak kontzientziatzeko eta herritarrei laguntza eskatzeko ere.
Iraitz Pazos Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak ziurtatu duenez, Pasaiako kale-garbitzaileek "egunero ahalegin bat egiten dute kaleak eta espazio publikoak baldintza ezin hobeetan mantentzeko". Hala ere, zenbait bizilagunen jokabide desegokiek, hala nola hondakinak edukiontzietatik kanpo uzteak edo behar bezala ez bereizteak, lan hori zailtzen dute batzuetan. Kanpaina honen bidez, jokabide horien ondorioei buruz sentsibilizatu nahi da, eta gaikako bilketari buruzko araudiak betetzen ez dituztenei ezar dakizkiekeen zigorrei buruz ohartarazi.
Zinegotziak neurri horren garrantzia azpimarratu du: "Funtsezkoa da Pasaiako herritarrek ulertzea gure udalerria garbi mantentzeko ardura guztiena dela. Udalak baliabide guztiak jartzen ditu gure kaleen garbitasuna eta egoera ona bermatzeko, baina bizilagunen laguntzarik gabe, ahalegin horrek ez luke esperotako emaitza izango". Gaineratu duenez, kanpainaren helburua informatzea ez ezik, heztea eta norbanakoen ekintzek komunitate osoaren ongizatean eragin zuzena dutela gogoraraztea ere bada.
Ildo horretatik, alkateak dei egin die herritar guztiei hondakinak behar bezala bereizteak duen garrantziaz jabetzera, ez bakarrik zigorrak saihesteko, baita "Pasaia garbiago eta jasangarriago baten alde egiteko ere". Bandoak etxeko hondakinak behar bezala kudeatzeko moduari buruzko informazio zehatza ere jasotzen du, kaleetako zabor-pilaketa murrizteko eta udalerriko birziklatze-tasak hobetzeko helburuarekin.
"Garbiketa- eta bilketa-zerbitzuak hobetzeko lanean jarraituko dugu", ziurtatu du alkateak, "eta espero dugu, guztion laguntzarekin, gero eta Pasaia garbiagoa eta bizitzeko atseginagoa izatea", amaitu du Alberrok.