Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/06/05

Gaztetxoek antolatuta, Trintxerpe garbituko dute auzolanean

Ekainaren 8an, 11:00etan Gudarien Plazan elkartuko dira

Eskubidean izenez ezagutzen den Pasaiako Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko Planaren helburuetako bat da Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzea. Adingabeak subjektu politiko bihurtzen dira, Pasaiaren garapenean txertatzen dira, eta haiek herrirako dituzten proposamen eta iritziak aintzat hartzen dira.

Bide horretan, Pasaiako haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko hainbat elkargune daude Karmengo Ama, Pasaia Lezo lizeoa eta Anunciata ikastetxeetan. Gune horietan 140 haur eta nerabe inguruk parte hartzen dute. Horri esker, haiek proposatutako gai ezberdin asko lantzeko aukera dago, tartean ingurumenarena. Teo Alberro Bilbao alkateak pozik eman du ekimenaren berri: “Eskubidean planari esker, haur eta nerabeek proposatutako gai ezberdin asko lantzeko aukera dugu Udalean, eta, jakina, horrek aukera ematen die haiei ere proposatzen dituzten gaiak lantzeko eta horiei buruzko bizipenak izateko. “Pozgarria da”, jarraitu du eledunak, “ingurumena hautatu izana eta ingurumenagatik kezka agertu izana;  ezinbestekoa da zaintzaren konpromisoa gazte-gaztetatik barneratzea”. 

Oraingoan, ingurumenaren zaintzaz eta garbitasunaz kontzientzia hartzeko ekimena antolatu dute Trintxerpeko partaideek larunbaterako. Zehazki, auzolanean egingo den garbiketa eguna antolatu dute Trintxerpen.

Ekainaren 8an, larunbata, izango da Trintxerpeko Gudarien plazan 11:00etan. Trintxerpeko txoko ugari garbitu ondoren, hamaiketakoa antolatu dute parte-hartzaileentzat.

Antolatzaile gazteek barrutiko familia eta herritarrei garbiketa egunean parte hartzera animatzeko deia egin diete.