Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/02/25

Pasaiako Udala, euskararen normalizazioan eredugarri eta eragile izateko bidean

Plan estrategiko eta hizkuntza-irizpide berriak onartu ditu Udalak

Pasaiako Udalbatzak iraileko osoko bilkuran onartu zituen ­(PSE-EEren abstentzioarekin, eta gainerako alderdien babesarekin) VII. Plangintzaldiari dagozkion Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategiko berria eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko hizkuntza-irizpideak. “Horien bitartez”, mintzatu da Teo Alberro alkatea, “herritarrei kalitatezko zerbitzua eman ez ezik, plana garatu, eta kudeaketan eta lidergoan eredugarritasuna erakutsi nahi ditugu Udaletik”.

Administrazioaren betebeharra da bi hizkuntza ofizialak egokiro kudeatzea, inor baztertu gabe erabiltzen duen edo erabili nahi duen hizkuntzarengatik”, gogorarazi du Laura Ré Euskara zinegotziak. Gaur-gaurkoz, Pasaiako Udala prest dago, oro har, zerbitzua euskaraz emateko. “Horrenbestez”, jarraitu du zinegotziak, “dei egiten diegu herritarrei modu naturalean Udalean euskaraz lasai egin dezaten, euskal hiztunak eta sustatzaileak behar-beharrezkoak direlako. Hiztunek bizi-indarra eman behar diote hizkuntzari, euskarak arnasguneak behar baititu”.

Horiek horrela,  Pasaiako Udalak euskara sustatzeko irizpideak ezarriko ditu kanpo-kontratazioa bideratzen duenean, dirulaguntzak ematen dituenean, hitzarmenak sinatzen dituenean eta jabari publikoa erabiltzeko aukera ematen duenean. Era berean, asmoa da udalerriko elkarte, ikastetxe eta gainerako eragileak ere biltzea ahalegin honetara. 

Funtsean, jarduketak euskaraz egingo dira, oro har, euskararen sustapena helburu denean; baita haurrei, nerabeei eta gazteei (0-18 urte) zuzendutako jarduketak direnean, eta hartzaileen ezaugarriengatik (adina, hizkuntza gaitasuna, esparrua...) edo jarduketen gaiengatik euskaraz egin litezkeenak direnean ere, baldin eta hartzaile diren herritarren eskubideak bermatuta badaude.

Zalantzarik ez da lanketa horietan guztietan herritarrekin batera aritzeko asmo osoa agertzen dugula udaletik, elkarrekin aurrera egiteko; euskara eremu guztietara zabal dadin”, amaitu du alkateak.