Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/05/21

Hondakinen kudeaketa hobetzeko hitzarmena sinatu du Pasaiak San Markorekin

Errefusa egunero jasoko da, eta plastikoaren bilketa nahiz edukiontzien garbiketak maizago egingo dira

Pasaiako Udalak eta San Marko Mankomunitateak hondakinen bilketa eta kudeaketa hobetzeko hitzarmen berria sinatu dute. Akordioari esker, aurrerantzean San Markok hartuko du beregain Pasaiako hiri-hondakinen bilketa osoa, errefusaren frakzioa barne. Orain arte, azken frakzio hori Pasaiako Udalak kudeatzen zuen zuzenean.

Hitzarmen berriak jauzi garrantzitsua dakar herriko hondakinen kudeaketan, zerbitzuaren koordinazioa, eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea helburu hartuta. Gainera, herritarren egunerokoan hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu, kale garbiagoak, edukiontzien mantentze hobea eta bilketa maiztasun handiagoa ahalbidetuz.

Pasaiako alkate Teo Alberro Bilbaok modu positiboan baloratu du akordioa, eta azpimarratu du udal gobernua azken urteetan hondakinen kudeaketa hobetzeko egiten ari den apustuaren baitan kokatzen dela: “Akordio honekin urrats garrantzitsua eman dugu Pasaiak hondakinen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa izan dezan. Zerbitzu hobea eskaini nahi diegu herritarrei, eta aldi berean, baliabide publikoen erabilera arduratsuagoa eta efizienteagoa egin”.

Errefusa egunero eta plastikoa maizago

Hitzarmenaren berritasun nagusietako bat da errefusaren bilketa astelehenetik igandera egingo dela hemendik aurrera, jaiegunetan ere bai. Orain arte, zerbitzu hori astelehenetik larunbatera soilik eskaintzen zen. Aldaketa horrek bereziki astelehenetan sortzen ziren hondakin pilaketak saihestea ahalbidetuko du. “Neurri horrek hobekuntza zuzena ekarriko du kaleen garbitasunean, usain txarren murrizketan eta edukiontzi-irlen inguruko irudian”, mintzatu da Alberro.

Era berean, plastiko eta ontzi arinen bilketa ere indartu egingo da, bereziki betetze-maila handiena zuten puntuetan.

Beste hobekuntza nabarmenetako bat edukiontzien garbiketan emango da. Aurrerantzean, San Marko Mankomunitateak hartuko du edukiontzien barruko zein kanpoko garbiketaren ardura osoa, eta gainera maiztasun handiagoarekin egingo dira garbiketa-lanak. Horrek higiene-baldintzak eta herriko espazio publikoen egoera hobetzen lagunduko du, batez ere udan.

Hitzarmenak ingurumenaren ikuspegitik ere “onura handiak” ekarriko dituela ziurtatu du Iraitz Pazos Hirigintza eta Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotzi arduradunak. “Gaikako bilketa indartzea eta hondakinak modu egokiagoan bereiztea funtsezkoa izango da birziklatze-tasak handitzen jarraitzeko eta errefus kopurua gutxitzeko”. Pazosek gogorarazi du hondakinen kanpaina berria martxan jarri zenetik birziklatze-tasak % 3 gora egin duela urte bakarrean, eta horrek 100.000 euroko aurrezkia ekarri duela diru-kutxa publikoetara.

Era berean, udal baliabideen optimizazioa ere ahalbidetuko du akordioak. Orain arte hondakinen bilketan aritzen ziren udal langileek herritarrek eskatzen dituzten bestelako mantentze- eta zerbitzu-lanetan jardun ahal izango dute hemendik aurrera: kaleetako konponketetan, mantentze-lanetan, esku-hartze urgenteetan edota herriko azpiegituren zaintzan, besteak beste. Udalak jasotzen jarraituko dituen frakzio bakarrak Donibane eta Torreatze kaleetakoak dira, oinezkoen elkarbizitzarako gune bereziak baitira.

Aurrezkia eta egonkortasuna

Udalak egindako txosten teknikoaren arabera, hitzarmenak epe ertainera aurrezki ekonomikoa eta egonkortasun handiagoa ere ekarriko ditu. Izan ere, udalaren hondakin-bilketako ibilgailuak 20 urte ditu jada, eta berehala ordeztu beharko litzateke, eta berri baten kostua 400.000 eta 450.000 euro artekoa litzateke (urteko mantentze- eta erregai-gastu handiez gain). San Markok, aldiz, baliabide tekniko eta logistiko egonkorragoak ditu zerbitzua modu eraginkorragoan eskaintzeko.

Bestalde, hitzarmenak edukiontzi irisgarriagoak pixkanaka ezartzea ere aurreikusten du, mugikortasun urriko pertsonen erabilera errazteko.

Amaitzeko, herritarren lankidetza eskatu du alkateak: “Udaletik baliabide guztiak jartzen ari gara hondakinen kudeaketa hobetzeko, baina herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa da. Birziklatzea, hondakinak edukiontzi barruan uztea eta altzarien bilketa-egunak eta puntuak errespetatzea guztion ardura da”. Datozen asteetan kontzientziazio kanpaina berria abiaraziko da, hainbat hondakin-gunetan olana handiak jarriz. Horien bidez bizilagunei gogoraraziko zaie hondakinak edukiontzietatik kanpo uztea arau-hauste arina dela, Pasaiako hondakinen udal ordenantzaren 46.1 artikuluaren arabera, eta 49.1 artikuluak jasotzen duela jokabide horrek 1.000 eurora arteko isunak ekar ditzakeela.