Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/05/20
Paisaian ekonomia eta gizartea sustatzeko Foru Hitzarmena
%16 handitu da eta 570.000 euro izango ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok eta Paisaiako alkate Izaskun Gómezek aurkeztu dute badia biziberritzeko erakundearteko hitzarmena, sustatuko duena Pasaialdeko hirigunea biziberritzea eta inguru atsegin, irisgarri eta inklusiboago baterantz aurrera egitea.
Rafaela Romerok azaldu duenez, hitzarmena gauzatuko da Pasaialdearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko 570.000 euroko dirulaguntzaren bidez. "Hitzarmen hau badia eta ingurunea lehengoratzeko bideko beste urrats bat da, aukera emango baitu pasaian jarduketa zehatzak burutu eta pasaitarren bizi kalitatea hobetzeko”.
Inbertsioak baliatuko dira herritarrek eta herriko kirol taldeek erabiltzeko espazioak gaitzeko eta igogailu bat eraikitzeko. Ildo horretan, diputatuak azpimarratu du "horrelako ekipamenduek izaera inklusibo nabarmena dutela, emakumeak direlako adinekoen artean gehiengoa, eta eraikiko den igogailua bezalako ekipamenduek aukera ematen dielako kalera ateratzeko eta bizitza sozial gehiago izateko”.
Halaber, Romerok gogoratu du Aldundiak konpromisoa duela Pasaialdean programa integral bat burutzeko epe labur eta ertainean hiriko espazio eta ekipamendu narriatuak berreskuratzeko: Adinberri erreferentzia zentroa eta aparkalekua eraikitzeko lanak, Trintxerpen eta San Pedron portuaren eta hiriaren arteko espazioetan burutuko diren beste jarduketa batzuk, besteak beste. "Aldundiak konpromiso irmoa du Pasaiarekin badiaren ehun ekonomiko, urbanistiko eta soziala lehengoratzeko. Apustu irmoa egin du Gipuzkoako lurralde kohesioaren eta orekaren alde", adierazi du.
Bestalde, Pasaiako alkate Izaskun Gómezek bere hitzartzean zehaztu ditu hitzarmen honen baitan burutuko diren ekintzak:
- 130.000 € hiri altzarietarako Trintxerpen eta Donibanen.
- 30.000 € kirol instalazioak egokitzeko.
- 18.000 € Donibaneko Lezo biden igogailu bat eraikitzeko proiektua idazteko.
- 400.000 € Antxoko Eskalantegi kalean herritarrek erabiltzeko espazio bat egokitzeko.
- 92.000 € Trintxerpeko Ulia hiribidean herritarrek eta elkarteek erabiltzeko lokal bat gaitzeko.
Hitzarmenean ezarritako baldintzen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 570.000 euroko ekarpena egingo du eta, Pasaiako Udalak 100.000 euro inbertituko ditu aipatutako jarduketetan; hartara, guztizko inbertsioa izango da 670.000 eurokoa.
Halaber, Pasaiako alkateak adierazi du "hitzarmenak aukera emango duela herritarrek eskatutako bost jarduketa burutzeko, horrela sortuko direlarik espazio eta ekipamendu berriak eta lagunduko delarik irisgarritasuna, nabarmen hobetzeko Pasaiako lau barrutitako auzokoen bizi kalitatea". Antxon eta Trintxerpen egunero erabiltzeko espazioak sortzeari dagokionez, gaineratu du aurreikusitako ekintzek "Antxon garrantzi handia izango dutela, barrutia asko aldatuko delako Topoa lurperatuta, eta jarduketa berriak aukera emango du lanek eragingo dituzten eragozpenei aurre egiteko. Hitzarmenari esker Pasaia biziberritzeko jarduketak egiten jarraituko dugu”.
Bestalde, Romerok gogorarazi du Lurralde Antolaketako Departamentua lanean ari dela eta babesten dituela herri eta hiriak garatzea helburu duten eta genero ikuspegia txertatzen duten hirigintza planteamendua duten proiektu guztiak. "Pertsona ororentzako bizikidetza espazioak nahi ditugu, emakumeen begirada eta beharrak kontuan hartzen dituztenak". Hirigintza inklusiboaren ikuspegi hori erreferentziatzat hartuta, Foru Aldundiak "apustu irmoa egin du Gipuzkoako udalekin lankidetzan jarduteko biztanleria guztiarentzat eta, bereziki, emakumeentzat, adinekoentzat eta kolektiborik zaurgarrienentzat seguruak diren espazioak diseinatzeko”.