Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/11

Hitzarmen berria sinatu dute Laurak Bat elkarteak eta Pasaiako Udalak

Hitzarmenak barne hartzen ditu bonu-kanpainak, Gabonetako argiak berritzea eta lau barrutietako komunikazioa indartzea

Pasaiako alkate Teo Alberrok eta Pasaiako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteko (Laurak Bat) presidente Mari Carmen Mogilnickik lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian Mikel García Peñil, merkataritzaren eta ostalaritzaren arloko zinegotzi arduraduna eta Raquel Dominguez, Laurak Bateko idazkaria ere izan dira.

"Hitzarmen hau funtsezko tresna da gure hurbileko merkataritza indartzeko; enplegua sortzeaz gain, gure herria bizirik mantentzen baitu. Pasaia bizi baten aldeko apustua egiten dugu: dendak irekita, jarduera kaleetan, tokiko bizimodua; eta, hori lortzeko, funtsezkoa da Laurak Batekin elkarlanean aritzea", adierazi du Teo Alberrok.

Bestalde, Mogilnickik gaineratu duenez, "Laurak Batek gure esker onik zintzoena adierazi nahi dio Udalari lankidetza-hitzarmen hau sinatzeagatik. Akordio horrek baterako ekarpen ekonomiko handia egiten du, eta urrats erabakigarria da gure udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak suspertzeko".

Hitzarmenaren helburua da merkataritza-sektorearen eta Udalaren arteko harremanak indartzea, eta lankidetza-esparru egoki bat ezartzea jarduera-ildo estrategikoak planifikatu eta garatzeko eta Pasaiako merkataritzaren jarduera ekonomikoa bultzatzeko programak ezartzeko.

“Hiriko merkataritza errentagarri eta kalitatezkoaren lehiakortasuna eta eskaintza handitu nahi ditugu, merkataritza-jardueraren baldintzak, establezimenduen kudeaketa, sustapena eta langileen kualifikazioa hobetzea ahalbidetzen duten neurrien bidez” erantsi du Garciak.

Merkataritza sustatzeko ekintza berriak

  • Bonu-kanpainak: Datozen hilabeteetan hainbat kanpaina eta ekintza jarriko dira abian: alde batetik, bonu-kanpainak egiten jarraituko da urteko hainbat garaitan; azken kanpaina ekainean egin zen. Neurri horren bidez, erosleentzako deskontu-bonuak dituzten erosketak sustatu nahi dira.
  • Gabonetako argi berriak: "Pasaiako saltokien ingurunea eta ikusgarritasuna hobetzea da akordio honen beste ildoetako bat. Gabonak garai berezia eta oso garrantzitsua dira saltokientzat, egun horietan egiten diren opariei begira izaten den salmenta-bolumen handiagatik. Beharrezkotzat jotzen dugu Pasaiako 4 barrutietako kaleen eta etorbideen Gabonetako argiztapena berritzea, eta Laurak Batekin batera egingo dugu".
  • Komunikazioa sustatzea: Antxon eta Trintxerpen bi informazio-pantailek izan duten harrera ona ikusita, beste bi jarriko dira Donibanen eta San Pedron.
  • Bazkide gehiago: Laurak Bat-ek konpromisoa hartu du, halaber, bazkideei dagokienez hazten jarraitzeko (gaur egun 100 inguru dira) eta kultur, jolas eta jai ekimenetan parte hartzeko, azken urteetan egin duen bezala.

Laurak Bat-ek argi adierazi du honako hau: “gero eta zailagoa den testuinguru batean, merkataritza-zentro handien lehia handiak eta banka digitalaren eta internet bidezko salmentaren hazkundeak markatutako garai batean, laguntza mota hauek funtsezkoak dira tokiko negozioen jarraipena eta garapena bermatzeko. Udalaren laguntzarik gabe, gero eta zailagoa izango litzateke gure saltokiei eustea.

Merkataritza txikia, hurbileko ostalaritza eta tokiko zerbitzuak, enplegu eta aberastasun orokorraz gain, gure auzoen arimaren parte dira, eta hurbiltasuna, dinamismoa eta gizarte-kohesioa ematen dituzte. Funtsezko sektorea gara Pasaiaren orainaldi eta etorkizunerako, eta hitzarmen honek hala izaten jarraitzeko dugun gaitasuna indartzen du” amaitu du Mogilnickik.