Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/24
Hirugarren faseko bizilagunek dagoeneko eska ditzakete bertakoen txartelak
Eskaerak online edo HAZ bulegoetan aurkez daitezke
Aparkalekuaren Ordenantzaren azken fasea martxan da, eta, beraz, bertakoen txartelen eskaerak aurkez ditzakete jada hirugarren sektoreko bizilagunek. Hots, Trintxerpe osoko (S-ST1), Donibane osoko (S-SD1), eta San Pedro osoko (S-SP1) bizilagunek.
Ordenantzaren inplementazioak, atzerapenarekin, baina aurrera darrai. Dagoeneko bigarren faseko (Antxo osoa) txartelen gehiengoa banatuta dago, eta aste honetan bertan ekingo dio Udaltzaingoak gaizki aparkatutako ibilgailuei abisu informatiboak jartzeari.
Aparkatzeko bertakoentzako txartelak modu telematikoan Pasaiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre HAZ bulegoetan eska daitezke. Horretarako, eskaera-orria bete eta aurkeztu beharko dute norbanakoek; betiere, honako baldintzak betetzen badituzte:
- S-ST1, S-SD1 edo S-SP1 eremuetakoren batean erroldatuta egotea ibilgailua eta eskatzailea (biak helbide berean).
- Gidabaimena, ibilgailuaren asegurua eta IAT egunean izatea.
- Eskaera egiten den egunean udal administrazioarekin zerga-betebeharrak egunean izatea eta trafiko-zehapenik ordaindu gabe ez izatea.
Eremu horietako merkatariek edota eremu horietan erroldatuta dagoen enpresa-ibilgailu baten ohiko gidari direnek ere txartela eskatu ahal izango dute (ordenantzak xedatutakoaren arabera, betiere). Bertakoen baimena jasoko dute, halaber, gidabaimenik ez duen pertsona baten ibilgailua erabiltzen duten bizilagunek, baldin eta jabearen etxe berean bizi edo haren zaintzailea/tutorea badira.
Behin eskaerak aurkeztuta, udal organo eskudunak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du eskaera. Ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta aldekoa den kasuetan txartela jaso ahalko du. Baimen hori jasotzerakoan, dagokion tasa (37,10 euro) ordaindu beharko du eskatzaileak (ordainketa hori ezingo da eskudirutan egin).







