Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/30

Zabalik da Hirigintza eta Ingurumeneko Aholku Batzordea osatzeko deialdia

Eragileek abuztuaren 20ra arte izango dute izena emateko epea

Pasaiako Udalak, 2025eko uztailaren 17ko Alkate Ebazpenaren bidez (2025/1781), Hirigintza eta Ingurumeneko Aholku Batzordearen osaera berritzeko prozesua abiatu du. Hala, eragileek abuztuaren 20ra bitarteko epea izango dute izena emateko.

Kontseilu honen eginkizuna da udal-plangintzaren inguruko informazioa jaso, eztabaidatu eta udal-erabakietan parte hartzeko aholkularitza ematea. Hortaz, udalerriko kolektibo anitzen iritzia jaso eta plangintzaren garapenean parte hartzeko espazio gisa funtzionatzen du. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) diseinuaren parte ere bada.

Batzordeak ez du erabaki-eskumenik, baina haren ekarpenak eta txostenak udal gobernuarentzat kontuan hartzeko modukoak dira, batez ere, hiri-antolamenduko planifikazioan eta ingurumenaren kudeaketan.

Ebazpenaren bidez, udalerriko hainbat eragile sozial, kultural eta sektorial gonbidatzen dira 15 eguneko epean beren ordezkariak izendatzera. Epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen (uztailak 29) hasiko da, eta beraz, abuztuaren 20ean amaituko da.

Parte-hartzea

Aholku Batzordeak aniztasun handiko ordezkaritza izango du: auzo elkarteak, ingurumen elkarteak, ikastetxeak, Pasaiako Portu Agintaritza, sindikatuak (orokorrak eta arrantzakoak), Arrantza Kofradia, ostalaritza eta merkataritza elkartea, emakumeen, gazteen eta adinekoen elkarteak, hedabideak, kultur, kirol eta gizarte arloko elkartek, edota herritar antolatu gabeak (barruti bakoitzeko ordezkari bana), besteak beste.

Honako hau adierazi du Iraitz Pazos Lapido Ingurumen zinegotziak: “Gure herriaren etorkizun urbanistikoak guztion ahotsa behar du. Horrelako espazioek aukera ematen dute sektore eta kolektibo ezberdinen iritziak mahai-gaineratzeko, eta herritarren jakintza eta esperientziatik abiatuta, politika publiko hobeak diseinatzeko. Horregatik, dei egiten diegu herriko elkarte eta eragileei beren ordezkariak aurkeztu eta prozesu honetan parte har dezaten”.

Parte hartzeko interesa duten erakundeek eta kolektiboek beren hautagaitzak aurkezteko aukera izango dute erregistro elektroniko bidezko idatzia erregistratuz, ordezkarien izen-abizenekin eta ordezkatuko duten eragilea zehaztuz. Informazio osoa eta izendapenerako jarraibideak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkian eta kontseiluaren udal erregelamenduan kontsulta daitezke.