Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/03/24
Herriko hiri-garbiguneak, martxan!
6 gune berri irekiko dira guztira eta herritarrek erabilgarri izango dituzte asteko edozein egunetan
Udalak hiri-garbigune zerbitzu berria jarri du martxan martxoaren 24tik aurrera –Antxokoa apiriletik aurrera egongo da martxan–. Horien helburua da herritarrek etxean dituzten hondakin bereziak jasotzea, hilabetero San Markotik etortzen zen kamioia ordeztuz.
Urte hasieran aurkeztutako “Etorkizuna Birziklatzen” kanpainaren beste pauso bat da zerbitzu berri honen ezarpena, zehazki kanpainaren 3. fasea. Iraitz Pazos Ingurumeneko eta Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, “hiri-garbiguneen ezarpenarekin, herritarrei erraztasunak eman, eta hondakinen bereizketan urrats bat egiteko ahalegina egin nahi izan du udalak, ulertzen baitugu herritarrei esfortzua eskatzeaz gain, udalak ere baduela ardura partekatu bat hondakinen gaian. Orain denon ardura izango da ongi erabiltzea.”
Udalak zerbitzu berri horri esker 8721,40 € aurreztuko ditu urtean, zerbitzua zuzenean emango baitu eta ez San Markoko kamioiaren bidez. Lokalak egokitzeak 56.717,76 €-ko hasierako aurrekontua izan du eta 2024an Foru Aldundiak 27.442,54 €-ko dirulaguntza eman dio Pasaiako Udalari bere helburuak gauzatzeko.
Zer da hiri-garbigune bat?
Etxean sortutako hondakin bereziak biltzeko gunea da.
Jasoko diren hondakinak:
- Margoak, bernizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak (intsektizidak eta herbizidak), aerosolak eta horien ontziak.*
- Tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartaginak, metalezko erretiluak...).
- Aparailu elektriko eta elektroniko txikiak (plantxak, lehorgailuak, kafeterak...).
- Kafe kapsulak.
- Egurrezko material edo zati txikiak.
- Material informatikoa (teklatuak, saguak...).
- Tonerrak eta tinta kartutxoak.
- Pilak.
- Bonbillak.
- Fluoreszenteak.
- Telefono mugikorrak eta horien bateriak.
- CD/DVD-ak
- Kable elektrikoak.
- Galdutako gauzak (dokumentazioa, NANa, txartelak, giltzak, kartera, betaurrekoak...).
*Ontziak ondo itxi behar dira bertan utzi aurretik eta hondakin bakoitza bere tokian utzi behar da eta poltsarik gabe.
Non aurki ditzakegu Pasaian?
Trintxerpen
- Errenteria kalea.
- Donostia kalea (igogailuaren alboan).
- Serafin Esnaola eta Gudari plazaren artean dagoen lokala.
San Pedron
- Herriko plazan zegoen arrandegia (Ikastolako arkupeetan).
Donibanen
- Frontoiaren behe-solairuan.
Antxon
- Zumardiko atari-alboa (komunak eta Garbitxokoa zeuden lekua).
Informazio gehiagorako kontsultatu www.pasaia.eus/hondakinak atala.
