Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/27

Alkateak inbertsio irmoa eskatu dio Jaurlaritzari Karmengo Ama eta Blas de Lezo ikastetxeentzat

2026ko aurrekontuetan eta Hezkuntza Eraiki 2030 planean inbertsio zehatzak eskatu ditu Alberrok

Pasaiako alkate Teo Alberrok gutun formala bidali dio Maria Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuari, udalerriko bi ikastetxe publikoen –Karmengo Ama eta Blas de Lezo LHII– egoera “larria eta jasanezina” salatzeko, eta 2026ko aurrekontuetan inbertsio zehatza eta lehentasunezkoa eskatzeko.

Alkateak gogorarazi du bi zentroek urteak daramatzatela egiturazko eta espazioko gabeziekin, eta egoera horrek zuzenean kaltetzen duela Pasaiako ehunka haur eta gaztek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatea. “Inkongruentea da hezkuntza publikoa defendatzea eta, aldi berean, modu duinean eskaini ahal izateko beharrezkoak diren inbertsioak ez egitea”, azpimarratu du gutunean.

Karmengo Ama: handitzeko prest

Karmengo Amaren kasuan, Udalak bi urte baino gehiago daramatza zentroarekin elkarlanean. Udalak 2025eko urtarrilean egindako txosten teknikoak baieztatu zuen eraikina handitu eta solairu berria gehitzeko aukera bideragarria dela, araudi urbanistikoaren barruan. Handitze horri esker, ikastetxeak egun duen saturazioa arinduko litzateke eta ikasgela gisa erabiltzen ari diren behin-behineko kontainerrak kendu ahal izango lirateke.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak berehala Antolamendu Plan Berezia eta eraikuntza-proiektua idaztea. Alkateak gogorarazi du 2015ean Karmengo Amak DBH emateko baimena jaso zuela, “eta, horri esker, gure udalerrian badago bigarren hezkuntzako eskaintza publikoa, eta pozik gaude”, mintzatu da alkatea, “baina gaur egungo baldintzak ez dira egokiak jarduera hori duintasunez garatzeko, ez ikasleentzat, ez langileentzat”.

Blas de Lezo: erreferente, baina baliabide gabe

Blas de Lezo LHIIren egoera ere larritzat jo du udalburuak. 2010ean, Velascoko etxebizitzak eraikitzean izandako lur-jausi baten ondorioz, zentroaren zati bat eraitsi behar izan zen. Ondorioz, gaur egun dituen instalazioak ez dira nahikoak gero eta handiagoa den ikasle kopuruari erantzuteko. Are gehiago, kontuan hartu behar da Blas de Lezo nautikako lanbide-heziketaren erreferentea dela, baina ezin du prestakuntza hori behar bezala eskaini espazio faltagatik.

Udalak onartutako eta Jaurlaritzari bidalitako Plan Bereziak berritze osoaren oinarriak jasotzen ditu, baina oraindik ez da exekuziorako konpromiso zehatzik hartu.

Udalaren eskaerak

Gutunean, Pasaiako Udalak hiru eskaera zehatz egin dizkio Hezkuntza Sailari:

  1. 2026ko aurrekontu-proiektuan Karmengo Ama IPI eta Blas de Lezo LHII berritzeko eta handitzeko behar diren inbertsioak txertatzea.
  2. Bi zentroak Hezkuntza Eraiki 2030 azpiegitura planean lehentasunez jasotzea.
  3. Obrak abiatzeko aukera emango duen egikaritze-egutegi zehatza lehenbailehen ezartzea.

Alkateak gogorarazi du Pasaia EAEko batez besteko errenta txikiena duten udalerrietako bat dela, eta horregatik hezkuntza publikoak lehentasun estrategikoa izan behar duela aukera-berdintasuna bermatzeko.

“Pasaiako hezkuntza-komunitate osoak eta herritarrek partekatzen duten bidezko erreklamazioa da hau, eta espero dugu Hezkuntza Sailak dagokion erantzukizuna beregain hartzea”, adierazi du Alberrok.