Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2018/02/02
Herritarren arreta zerbitzuak (HAZ) 20.000 kontsultatik gora bideratu zuen 2017ean
Pasaiako alkatearen eta mugikortasuna eta lurralde antolaketako diputatuaren prentsaurrekoa
2018an pasaitarrek aukera izango dute HAZen bulegoetan izapidetzeko Mugi garraio-txartela eta B@kQ sinadura elektronikoko txartela.
- Izaskun Gomez - Pasaiako Alkatea: “HAZ martxan jartzeak Udala pasaitar guztioi hurbiltzeko konpromisoari erantzuten dio”
- Marisol Garmendia - Mugikortasuna eta lurralde antolaketako diputatua: “HAZ gizarte-errentagarritasunaren adibidea da, 16.000 pasaitarrei eguneroko izapideak egiten laguntzen baitie”.
2017an abian jarri zenetik, lehen zortzi hilabeteetan, pasaitarrek 20.400 izapidetik gora egin dute HAZeko hiru bulegoen bitartez: Trintxerpen, Antxon eta Donibanen. Horrek esan nahi du egunero-egunero 120 izapidetik gora egin dela; eta zenbaki horrek zerbitzuaren arrakasta eta harrera ona islatzen ditu. Izan ere, izapide kopurua gora doa: ekainean eguneko 120 izapide egin baziren, irailean 150etik gora egin ziren. Zortzi hilabeteetako batez bestekoa txikiagoa da, bulego batzuetan maiatzaren bukaera aldera jarri zelako martxan zerbitzua, eta abuztuko egun batzuetan itxita egon zelako.
Izapide-motari dagokionez, gehien egiten diren kontsulta eta izapideak honako hauek dira: errolda eskaerak, beka eskaerak, unibertsitateetako matrikulak, alokairuak berritzea; helbideratzeak eta ordainagirien ordainketak; kultura, euskara, gazteria eta kirol arloetako jarduerekin zerikusia dutenak. Hirigintzako gaietan ere eskaera handia dago, lizentzia eta baimenei dagokienez. Eta baita Udaltzaingoarekin zerikusia duten izapideak ere.
Bulegoetako datuei dagokienez, izapide kopuruak honela banatzen dira: Trintxerpen % 40, Antxon % 35 eta Donibanen % 25. Izapide-motari dagokionez, hiru bulegoetako portzentajeak antzekoak dira, eta gero eta joera handiagoa nabaritzen da etxetik hurbilen dagoen bulegora jotzeko. Izapide horiek aurrez aurre egin daitezke astelehenetik ostiralera 8etatik 14etara, 943344034 telefono-zenbakira deituz, edo haz-sac@pasaia.net helbide elektronikoaren bidez.
Herritarrek oso ongi baloratu dute zerbitzua, eta alderdi hauek baloratu dituzte gehien: erosotasuna, hurbiltasuna eta erraztasuna. Ildo horretan, Izaskun Gomez alkateak nabarmendu du HAZ martxan jartzeak Udala pasaitar guztioi hurbiltzeko konpromisoari erantzuten diola, eta azpimarratu du pasaitarrentzat abantaila ikaragarria dela Donibaneko udaletxera joan behar ez izatea eta izapideak haien etxetik hurbil egin ahal izatea. Horri dagokionez, HAZ zerbitzua garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, pasaitarrek izapideak errazago egin ditzaten.
Bestalde, Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko sailburuak Aldundiak eta Udalak eginiko inbertsioaren gizarte-errentagarritasuna azpimarratu du, HAZ zerbitzuak onura ekarri dielako 16.000 pasaitarrei. Pasaiako HAZ abian jartzeko, 249.000 €-ko inbertsioa egin da; horietatik 212.000 Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Sailak jarri ditu, Pasaiako badia berroneratzeko estrategiaren baitan. Estrategia horretan 2017an guztira 2.000.000 € inbertitu ziren. Udalekin adosten den estrategia hori ez da mugatzen hiri-eremuak berroneratzera; horrez gain, barne hartzen ditu herritarrentzako guneak, kultura guneak, ingurumen arloko hobekuntzak, eraginkortasun energetikoa, eta zerbitzu publikoak hobetzeko teknologia berriak erabiltzea, Pasaiako HAZ kasu.
Mugi txartela
Pasaitarrek HAZeko bulegoetan egin ditzaketen gestio eta izapideak zabaltzeko ildo horretan, laster Mugi txartelaren izapidetzea sartzea aurreikusita dago. Garraio-txartel hori herritarrek gehien erabiltzen duten zerbitzuetako bat da eta, behin hitzarmena sinatu ondoren, txartel hori errazago izapidetzeko eta eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Martxotik aurrera, Udalaren eta Garraio Agintaritzaren arteko hitzarmenari esker, gestio guztiak zuzenean HAZen bulegoetan egin ahal izango dira.
B@kQ txartela
HAZen 2018an eskainiko den bigarren berrikuntza handia da B@kQ txartela izapidetzeko aukera. Txartel horren bidez, izapideak online egin daitezke, udaletara, Osakidetzara, Eusko Jaurlaritzara eta, laster, Gipuzkoako Foru Aldundira bertaratu beharrik gabe. Txartel horren bidez, izapidea egiten duen pertsona identifikatzen da, eta pertsona horrek webaren bidez sina dezake eskaera.
Balorazioa eta iradokizunak
Azkenik, HAZeko arduradunek aurreikusi dute panel bat jartzea, herritarrek jasotako zerbitzuaren balorazioa egin dezaten, eta zerbitzua hobetzeko eta zabaltzeko iradokizunak egin ditzaten.
Pasaia, 2018ko urtarrilaren 31ean.