Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2018/03/20
HAZ bulegoek MUGI txartela izapidetuko dute
Martxoaren 26tik aurrera
Izaskun Gómez: Mugi txartelaren abantailak eta deskontuak orain gertuago dauzkate pasaitarrek, eta hori ere bada bizi-kalitatea.
Marisol Garmendia: Mugi txartela eskuratzeko erraztasunak ematea Pasaiako komunikazioak sendotzea eta hobetzea da.
Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) hitzarmena sinatu dute, Mugi txartela Pasaiako HAZeko bulego guztietan (Antxon, Trintxerpen eta Donibanen) izapidetu eta eskuratu ahal izateko. Hitzarmena Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta GGLAren lehendakari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatua den Marisol Garmendiak sinatu dute, eta hitzarmenaren bidez, pasaitarrei eskura jarri nahi zaizkie Mugi txartelaren abantailak eta horren erabilerari buruzko informazio guztia.
Mugi txartelarekin, tarifa bakarreko sistemaren bidez, honako garraiobide hauetan bidaiatu daiteke: Gipuzkoako hiri barruko autobusetan (Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani eta Lasarte-Oria), Lurraldebuseko hiriarteko autobusetan, taxibus zerbitzuetan eta Euskotreneko tarifadun zerbitzuetan. Hartara, pasaitarrek garraio-zerbitzu horiek erabiltzen dituztenean, txartelarekin ordaindu eta beherapenak lortzeko aukera izango dute. Gainera, Mugi sistemarekin Oiartzungo herri barruko autobusa erabil daiteke, Renfeko Donostiako aldirietarako txartelak eskura daitezke, eta Bilbo eta Gasteizko tranbietako bidaiak ordain daitezke.
Sinatutako hitzarmenari esker, martxoaren 26tik aurrera pasaitarrek Mugi txartela eskatu eta eskuratu ahal izango dute HAZeko udal bulegoetan. Txartela eskatzeko prozedura oso erraza da: interesdunek herritarren arreta zerbitzura joan behar dute argazki batekin; euren datuekin inprimakia bete; dagokion dokumentazioa aurkeztu, talde berezientzako txartela eskatzen bada (haurrentzako, familia ugarientzako, pentsiodunentzako...); eta txartelaren prezioa ordaindu (5 €). Izapidea egin ondoren, jakinaraziko zaie zein epetan jasoko duten Mugi txartela euren etxean. Txartel berriak eskatzeaz gain, txartelak berritzeko ere eska daiteke, hondatu edo galduz gero.
Mugi garraio-txartela herritarrek gehien erabiltzen duten zerbitzuetako bat da, horregatik da hain inportantea Herritarren Arreta Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuetara gehitzea. Horri dagokionez, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek azpimarratu du Mugi txartelaren abantailak eta beherapenak orain gertuago dauzkatela pasaitarrek. Bestalde, Marisol Garmendiak adierazi du Mugi faktore inportantea dela Pasaiako komunikazioak sendotzeko.
HAZeko Antxo, Trintxerpe eta Donibaneko bulegoetan 2017an 20.400 gestiotik gora bideratu zen. Hitzarmen honekin Pasaiako HAZek bere zeritzuak areagotuko ditu.