Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/07/05

Drogen kontsumo eta sexu praktikei buruz hausnartzeko postua jarriko du Pasaiako Udalak Antxoko San Ferminetan

Uztailaren 6ko gauean

Pasaiako Udalak, Ai laket! elkartearekin bat eginez,  Antxoko San Fermin jaietan Testing programa jarriko du martxan, festa giroko droga kontsumoa murrizteko helburuz.

Informazio stand bat ezarriko da Pasai Antxoko skate parkaren ondoan, uztailaren 6ko (larunbata) 00:00etatik 03:00ak bitarte. Bertan ondoko gaiei buruzko informazioa emango zaie hurbiltzen direnei: substantziak eta ezaugarriak, osasun arrisku zorrotzak eta epe luzera izan litezkeen osasun arazoak, legezko arriskuak, kontsumo segururako aholkuak, eta abar.

Horrekin bat, droga eta sexu seguruei buruzko materiala ere banatuko diete behar dutenei.

Programaren helburu orokorrak ondokoak dira:

  • Gazteek neurriz kanpo kontsumitu ez dezaten prebentzio-lana egitea, eta egiazko informazio objektiboa ematea, arriskuak hobeto kudeatzeko.
  • Gazteak kontsumoen arriskuez kontzientziatzea eta zergatik kontsumitzen duten eta kontsumoaren bitartez zer helburu lortu nahi duten hausnarraraztea.
  • Kontsumitzaileari ohartaraztea legez kontrako substantzien osasun kontrolik ez dagoela, eta ohartaraztea aizunduta egoteko arriskua badutela.
  • Sexu-praktika seguru, elikatzeko ohitura on eta kontsumoaren legezko ondorioei buruzko arriskuak murrizteko kontzeptuak hedatzea.
  • Substantzia berri eta kontsumorako patroi berriei buruzko informazioa eskuratzea.